argia.eus
INPRIMATU
Konfinamendua gehiago luzatzearen alde da Jaurlaritza, baina umeak kalera ateratzen utzita
  • Egungo alarma egoera maiatzaren 10era arte luzatuko balitz, Jaurlaritzak dio Espainiako Gobernuaren eta autonomia erkidegoen artean adostu beharko litzatekeela horren aplikazioa. Eusko Jaurlaritzak lantzen ari den proposamena ez dago zehaztuta, baina aurreikusten ditu kalean jarduerak "pixkanaka" berreskuratzea, lehentasunetan jarriz kirola aire zabalean egitea eta haurrak kalera ateratzea, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak asteartean adierazi duenez.

Axier Lopez @axierL 2020ko apirilaren 15a
Nekane Murga Osasun sailburua, Josu Erkoreka bozeramalea eta Maria Jesus San Jose Lan eta Justiziako sailburua. Argazkia: Irekia.

Iñigo Urkulluren taldeak uste du konfinamenduaren balizko luzapen baten baldintzak lasaitu egin beharko liratekeela apirilaren 26tik aurrera. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak asteartean adierazi duenez, Pedro Sanchezek apirilaren 26tik aurrera alarma-egoera luzatzea erabakiz gero, neurria babestuko dute.

Nolanahi ere, adituen txostenen eta azken datuen arabera, luzapena konfinamenduaren pixkanakako erlaxazio-neurriekin laguntzearen alde dago Jaurlaritza. Neurri horien artean aipatu ditu haurrei gurasoekin edo tutoreekin irteten uztea eta aire zabalean kirola egiteko baimena ematea.

Bi aukera horiek mahai gainean izan zirela aipatu du Erkorekak, Sanchezek igandean autonomia erkidegoetako presidenteekin egin zuen bideokonferentzian. Halere, astelehenean Espainiako Osasun ministro Salvador Illak baztertu egin zituen oraingoz, haurrak birusaren "transmisio bektoreak" direla argudiatuta.