argia.eus
INPRIMATU
Konfinamendua droneen bidez kontrolatzeagatik, Parisko Polizia auzitara
  • Giza eskubideen eta askatasunen aldeko bi elkartek auzitara eraman dute Parisko Polizia Prefetura, konfinamendua kontrolatzeko martxoaren 18tik droneak erabiltzeagatik. Modu horretan eskuratutako irudi oro ezabatzeko eskatu dute elkarteek, besteak beste.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 05

Poliziak droneak erabili ditu airetik jendeari agintzeko etxera itzul dadin, baita konfinamendua betetzen ari ez direnak grabatzeko ere. Horren aurrean, salaketa maiatzaren 2an jarri dute Giza Eskubideen aldeko Ligak eta La Quadrature du Netek: droneekin irudiak hartzeari utzi diezaiotela eskatu dute, baita orain arte hartutako edozein irudi ezabatzeko ere, atzerapen egun bakoitzeko 1.024 eurorekin zigortuz.

Droneek egin dutena, jendearen pribatutasuna urratzeaz gain, praktika ilegala dela gogoratu dute elkarteek. “Larria da, legetik kanpo ari dira hau egiten, droneen erabilera ez baitu inongo ekintza administratibok baimendu”, kritikatu dute elkarteek.

Paristik kanpo ere, beste hainbat lekutan konfinamendua kontrolatzeko droneak erabili ditu poliziak Frantziako Estatuan.