Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi du Andaluziako Juntak Jaengo Peal de Becerro udalerria konfinatzeko harturiko erabakia "beharrezkoa eta proportzionatua" izan zela. Sententziak bidea ireki diezaieke erkidegoei gisa bereko konfinamendu puntualak hartzeko.
Andaluziako Juntak helegitea jarri zion Andaluziako Justizia Auzitegi Nagusiak uztailaren 12an kaleratutako epaiari, Peal de Becerro udalerria konfinatzea eragotziz. Auzitegi Gorenak helegitea onartu eta arrazoi eman dio orain erkidego horretako gobernuari, esanez harturiko erabakia "beharrezkoa, proportzionatua eta egokia" izan zela, auzitegi andaluziarraren autoa bertan behera utziz.
Europa Press agentziak zabaldu du albistea. Gorenak kontuan eduki du, besteak beste, udalerri horretan Covid kasuen intzidentzia oso altua zela eta horien artean asintomatiko ugari zegoela, mugikortasunaren ondorioz "inguruko herrietan kutsadura larriagotzea" ekarriz. Gainera, konfinamendu dekretua "proportzionatua" izan zela dio, astebeteko itxiera baino ez baitzuen aurreikusten eta bertan behera gelditzeko aukera ere bai baitzegoen.
Hain justu, sententzia honen ondoren, Juntak jakinarazi du ez duela konfinamendu hori ezarriko, uztailaren 12tik hona udalerriaren egoera dexente hobetu delako (100.000 biztanleko 725,2 kasu 14 egunetan). Nolanahi ere, Gorenaren epaiak bidea ireki dezake beste erkidegoetan halako konfinamenduak ezartzeko orduan, Euskadi Irratiko Goizak Gaur saioko albistegian azaldu dutenez.