Etxeko pertsona bat aukeratu du Etxepare Institutuak zuzendari kargua utzi berri duen Miren Arzalluz ordezkatzeko: Irene Larraza izango da Etxepareko zuzendari berria, 2012tik institutuan lan egiten du eta ondo ezagutzen du erakundea.
Nafarroako Unibertsitatean Komunikazio Zientzietan lizentziatua da Larraza (Tolosa, 1970) eta Herri Irratian hasi zuen ibilbide profesionala. Gerora, Koldo Mitxelena Kulturuneko promozio eta zabalkunde arduraduna izan zen eta Syntorama musikarien agentzian ere lan egin du.
Etxepare Institutuaren barruan funtzio ugari bete du Larrazak: komunikazio, prentsa eta internet arduraduna izan zen 2012tik 2016ra eta iaztik orain arte kultura sustatu eta hedatzeko zuzendaria izan da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak albistea eman duenean esplikatu du Larraza zuzendari postuan jartzearekin jarraipena eman nahi diola duela urtebete Miren Arzalluzekin hasitako etapari, “erakundea, herrialdearen kultur ehuna eta bere premiak sakonetik ezagutzen dituen pertsona honen bitartez”.
Arzalluzen zuzendaritza-aldia laburra aste honetan amaitu zen, aurreikusi gabeko iragarpen batekin: Parisko Palais Galliera zuzentzeko eskaintza jaso zuela eta Etxepare utziko zuela zabaldu zuten hedabideek. Urtebete eskas iraun du karguan.