argia.eus
INPRIMATU
Konfiantza mozioaren botoi gorria baliatuz, EAJren aurrekontuek aurrera egin dute Gasteizen
  • Gorka Urtaranek (EAJ) gainditu du astelehen honetan aurkeztutako konfiantza mozioa eta aurtengo aurrekontua izango du. Bere alderdiak eta PSEk bozkatu dute alde. EH Bildu, Podemos eta Irabazi abstenitu egin dira eta PPk kontra bozkatu du.

ARGIA @argia 2017ko otsailaren 06a
Urtaran eta Larrion Gasteizko udaletxean.

Bi aldiz egin da bozketa eta bietan berdinketa lortuta, alkatearen kalitatezko botoa erabakigarria izan da 2017rako aurrekontua onartzeko.

PPk eta EH Bilduk aurrekontuen kontra bozkatu ostean iritsi da asteleheneko bozketa. Urtaranek konfiantza mozioa aurkeztu zuen eta, PPk jeltzalearen kontra bozkatuko zuela adierazita, erabakia EH Bilduren eskuetan utzi zuen: aurrekontuak onartzeko urratsa eman ala hiriko alkatetza arriskuan jarri.

Miren Larrion EH Bilduko bozeramaileak konfiantza galdea erabili izana kritikatu du, Berriak jaso duenez: “Inori gustatu ez zaizkion aurrekontuak ateratzeko egin duzu konfiantza galdea. Denbora galtzera ekarri gaituzu hona. Hiriko proiektuak adostu egin behar dira, ez inposatu”.

Urtaranek erantzun du “aurrekontuak luzatzeak hiria kondenatzen” duela, eta “hitz egiteko gaitasuna” behar dela adierazi dio Larrioni.