argia.eus
INPRIMATU
Konfiantza mozioa eta aldebakarreko erreferenduma, aktore berriak Katalunian
  • Generalitateko aurrekontuak onartu ez izanak bere jarraipenaren inguruko mozioa aurkeztera bultzatu du Puigdemont. Aurrera egiteko formula berrien bila dabiltza CUP eta Junts Pel Sí.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko ekainaren 10
Carles Puigdemontek bere etorkizuna argituko duen konfiantza mozioa deitu du irailerako. (Argazkia: La Directa)

“Atsekabetuta nago, egonkortasuna bermatzen zuen akordioa hautsi dutelako”. Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak Catalunya Rádion egindako adierazpenak dira, CUPek aurrekontuei emendakinak mantentzea erabaki ostean. Hala, iraileko konfiantza mozioari “ateak ireki” dizkio. Mozioan gehiengo sinplez gailendu beharko luke, eta behar besteko babesik jasoko ez balu, Puigdemontek kargua utzi eta hauteskunde berriak deituko lirateke.

CUPek independentziaren bidean jarraitu nahi duen zalantzan jarri du, eta esan du argi geratu dela ezkerreko alderdiak “beste lehentasun batzuk” dituela. Zehaztu du gauza bakarraz galdegingo diola mozioa bozkatzerakoan: “Inora ez daraman autonomismoaren eta Kataluniaren etorkizuna bermatuko duen proiektuaren artean aukeratzea”. Eulalia Reguant ezkerreko diputatuak La Xarxan esandakoen arabera, baina, horixe da betoa mantentzeko arrazoia: “CUP ez da aurrekontu autonomista batzuk kudeatzera etorri, eta hauek hala dira”.

Bere aldetik, Anna Gabriel CUPeko diputatuak RAC1 irratian azaldu du erabakiak independentziaranzko bide orria “berriz ere Gobernuaren mahai gainean ezarri” duela. Hala, konfiantza mozioak hura apur bat moldatzeko balio dezakeela uste du: “Oinarri berriak ezarri behar dira. Ez bide orri berria sortzeko, aldaketa batzuk egiteko baizik. Hain justu, horietako bat izan daiteke Aldebakarreko Independentzia Erreferenduma bertan txertatzea”. Gauzak horrela, “akordioa eta konfiantza hobetzeko lanean” aritzeko prestutasuna adierazi du, eta baieztatu du “bidea batera egiteko prest daudela”, nahiz eta azken hitza asanbladak duela zehaztu.

Gabrielek bezala, aldebakarreko erreferenduma defendatu dute azken hilabeteetan zenbait adituk. Puigdemontek, baina, aitortu du beraien lehentasuna estatuarekin adostutako galdeketa dela. Hala ere, ez dio aterik itxi eta aitortu du “mahai gainean dauden aukera guztiak aztertu behar direla independentziaren bidean”.