argia.eus
INPRIMATU
Kondor Legioak Munitibarren 1937an egindako bonbardaketari buruzko liburua argitaratu dute
  • Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak eman du argitara Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika liburua eta igandean aurkeztuko dute jendaurrean. 1937ko apirilaren 26an Kondor Legioak Munitibarren aterpetuta zeuden herritarrei eraso egin zien. Egun bereko arratsaldean, Gernikan egindako sarraskiaren atarikoa izan zen.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2023ko apirilaren 19a
Junkers Ju-52 bonbardatzailearen pilotu kabinako irudia. Argazkia: Ahaztuen Oroimena

1937ko apirilaren 26an Gernika sutan jarri aurretik, goiz hartan Kondor Legioak Munitibarren aire-erasoa egin zuen: han aterpetuta zeuden herritar eta iheslarien kontra dozenaka bonba jaurti zituen, eraikin ugari txikitu, eta ondoren tiroz josi zituen bizirik geratu zirenak.

Gernikako edo Durangoko bonbardaketak arras ezagunak dira, baina abiazio alemaniarrak egindako beste asko ezezagunagoak zaizkigu, Munitibarkoa kasu.

Ahaztuen Oroimena 1936 elkarteak liburua kaleratu du, Munitibar 1937/04/26: Aire-eraso baten kronika izenburupean, eta igande honetan aurkeztuko du jendaurrean, 12:00etan Munitibarko Udal Aretoan.

Liburua osatzeko azken urteetan jasotako testigantza eta elkarrizketetan oinarritu dira, baita aurretik argitaraturiko hainbat lanetan eta lorturiko dokumentazioan ere: “Jasotako guztia aipatzen saiatu gara, bildutakoa dokumentatu, gorde eta balioan jartzeko”, azaldu dute elkartetik.

Kronika gisa kontatu nahi izan dute 1937ko apirilaren 26 hartan gertatutakoa, “bizipen indibidualak jaso eta errelato orokor bat eraiki ahal izateko”. Zentzu horretan, bonbardaketaren aurreko eta hurrengo egunak testuinguruan jarri dituzte, gertatutakoa ulertzen lagundu asmoz. Erasoak sorturiko beldurrak, zaurituak, hildakoak, hobiratzeak... ere lan horretan badute islarik, beraz.

Liburuan hainbat informazio ageri da, hala nola frontean jardundako munitibartarren zerrenda, Munitibarren errefuxiaturik zeuden herritarrena, eta egindako hobiratze eta deshobiratzeena. “Errelato kolektiboa” osatzeko ahalegina egin dutela azaldu du Ahaztuen Oroimenak.

Astigarragan, Orri zuriak betetzen dokumentala estreinatuko dute

1936ko Gerrako eta Frankismo garaiko Astigarragako biktimen testigantzak jasotzen dituen Orri zuriak betetzen dokumentala egin du Astigarragako Udalak, eta ostiral honetan emango dute lehen aldiz Erriberako antzokian, 18:30ean.

Dokumentala Eneritz Aulestiak eta Unai Alberdik zuzendu dute, eta Maddalen Laburu historialariak egindako ikerlanean dago oinarriturik. 1936. urtetik 1945. urtera arte Astigarragan izandako biktimen zerrenda osatu zuen Laburuk, Udalak emandako ikerlan-beka bati esker. Orain, egilea bera kamera aurrean jarri da eta hainbat senitarteko eta aditurekin hitz egin du historia hori harilkatzeko.

Astigarragako alkate Xabier Urdangarinen aburuz “gertatutakoaren memoria partekatu bat eraikitzeko eta bizikidetza berreraikitzeko” ezinbesteko dira halako ekimenak.