argia.eus
INPRIMATU
Kondoiak saltzeko makinak kendu ditu kaleetatik Donostiako Udalak
  • Donostiako Udalak ez du kondoiak saltzeko makinarik nahi hiriko kaleetan. Noticias de Gipuzkoa-k argitaratu duenez, iragan urteko azken hilabeteetan Udaltzaingoa farmaziaz farmazia ibili da makina horiek kentzeko aginduarekin. Bete ezean, 500 eta 5.000 euro arteko isuna ezartzeko mehatxua zabaldu dute.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko otsailaren 02a

Donostiako 86 farmazietatik soilik hamar inguruk zuten halako makinarik saltoki kanpoko paretetan, baina jada ez da bat ere ez geratzen. Euskal Autonomi Erkidegoko 2/2006 Lur eta Urbanismoren Legeko 225.3 artikulua baliatu dute horretarako. Iragan abenduaren 2an, farmazialari bati isuna ezartzeko espedientea ireki zion Poliziak. Baina Gipuzkoako Farmazialarien Eskolak farmazialaria defendatu zuen makina horien osasun-eginkizuna argudiatuta, eta isuna saihestu ahal izan zuen. Aferan inplikatutako farmazialariak egunkari horri adierazi dionez, “terraza edo balkoi baten legez kanpoko itxiera egin izan banu bezala hartzen dute, horrek etxearen fatxadaren eraldaketa dakarrela eta”.

Makina horiek 90eko hamarkada amaieran eta 2000ko hasieran hasi ziren jartzen. Asko 2008an jarri ziren, hiesaren aurreko prebentzioa sustatzeko Osakidetzak 16 eta 30 urte arteko pertsonengan preserbatiboaren erabilera sustatzeko kanpaina abiarazi ostean. Urte hartan hiesaren 200 kutsatze kasu berri diagnostikatu ziren, ustez preserbatiboa ez erabiltzeagatik. Kanpaina horretan, administrazioak farmaziak ardatz bezala hartu zituen kondoien erosketa errazteko.

Momentuz, makina horiek soilik Donostian kendu dituzte. Baina sektoreko hainbat iturriren arabera, inguruko udalerri askok neurria begiz jo dute, eta beren herrietan prozesu bera ematea ikertzen ari dira.