argia.eus
INPRIMATU
Dai Konbutxa
Konbutxa eta hartzituak bizibide
  • 2021 inguruan hasi zen Itziar Presa Blasco gernikarra konbutxaren munduan murgiltzen. “Magisteritza ikasi nuen nik, eta hezkuntzan aritu nintzen urteetan lanean, baina semeak jaio zirenean etxean geratzeko aukera izan nuen, eta ordu arteko guztia, nolabait, apurtu egin zela sumatu nuen”, azaldu du. Argi zuen ez zuela irakaskuntzara bueltatu nahi, baina zer egin ere ez zekien hasieran. Erdi kasualitatez, lagun batek ama konbutxa eskaini zion eta hartzituekin saltseatzen hasi zen. “Informazioa biltzen hasi nitzen, formazioak egin nituen, liburuak irakurri… horrela hasi nintzen, eta pixkanaka gustua hartu nion”, gogoratu du.

Garazi Zabaleta 2025eko apirilaren 14a

Konbutxarekin probak egiten hasi zenean, Internetera jo zuen informazio bila Presak, baina ohartu zen informazio asko egonagatik ere, kontrajarriak zirela askotan. “Azkenean, formazioak egitea erabaki nuen, Javi Maezturekin aritu naiz, mikrobiologian aditua da eta hartziduraren inguruko ikastaroak ematen ditu”, azaldu du. Nerea Zorokiain nafarra ere aipatu du erreferentzia gisa, hainbat ikastaro egin ditu berarekin hartzitu probiotikoen inguruan. Konbutxa egiteko, te infusioari azukrea gehitzen zaio eta ama konbutxaren mikroorganismoek azukre hori jaten dute, hartzidura prozesua martxan jarriz.

Formazioetan ikasitakoarekin etxean probak egiten hasi zen Dai Konbutxa proiektuaren bultzatzailea. “Hasieran niretzat egiten nuen, gero lagunak hasi zitzaizkidan haientzat ere egiteko eskatzen, eta horrela, erdi oharkabean, zabaltzen joan zen proiektua”, dio. Konbutxaz gain ur-kefirra ere ekoizten du Presak. “Ahalik eta onura gehien dituzten produktuak sortzea da nire asmoa, horregatik, osagai guztiak Gernikako denda ekologikoetan eskuratzen ditut”, gehitu du.

Salmenta zuzena eta formazioak

Hasieran etxean bertan ekoizten zuen konbutxa ekoizleak, baina orain beste pauso bat eman du eta Kanpantxo auzoko Aristieta baserriko instalazioetan hasi da lanean. “Nekazariak dira bertan, haien barazki eta fruituak ekoizten dituzte eta produktu soberakinekin marmeladak eta antzekoak egiten dituzte”, dio. Proiektua abiatu zuenetik, asko lagundu dioten pertsona ederrekin topo egin izana eskertzen du Presak, tartean, Aristietako kideekin.

Gernikako eta inguruko denda txikietan eta kooperatibetan saltzen du produktua, baita Baserritik Gernikara proiektuaren bidez ere. “Etxean salmenta zuzena egiten dut, eta azoketan eta inguruko ekitaldietan ere ibiltzen naiz”, dio.

Ekoizpenaz gain, formazioaren alorrak ere badu garrantzia Dai Konbutxa proiektuan. “Hainbat tokitatik deitu didate tailerrak emateko, eta proiektuari forma gehiago emateko elkartea sortzea erabaki nuen, batez ere ikastaroei begira”, azaldu du. Konbutxarekiko eta hartzituekiko interesa pixkanaka pizten doala sumatu du ekoizleak urteotan. “Hasieran, inork gutxik zekien zer zen konbutxa, orain geroz eta ezagunagoa da, eta ez freskagarri moduan soilik, osasunari begira ere askok hartzen dute”, amaitu du.