Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan bihotzak bere estutasunak pasatzen ditu, eta horiekiko distantzia hartzen saiatu arren, gehienetan ez du lortzen, eta geratzen zaion kontsolamendu bakarra herioaren ifrentzua da; hau da, jakitea komunitatea elikatzera joango direla.
Bizitzaren hurrengo domino fitxa gaztandegian dago. Arkumerik gabe geratuko diren ardien esnea jasoko dugu, gasnatzeko. Berriz ere, jendearen elikadura helburu. Atera kontuak zenbat bizitza eta zenbat lan eta esku dauden gazta jaterako, ai ama!
Gaztandegia garbitzeari ekin diogu; gaur elaborazio gelan bukatu dugu. Gaur Antoine eta Antoinerekin izan da, abenduan Linarekin izan zen bezala. Gaurkoan, garbiketa hutsa; abenduan, margoketa. Gaur, Picardie eskualdeaz hizketan; abenduan, Berlinez. Gaur eta orduan, etxekook ehundu dugu WWOOF [Etxalde Organikoetan Munduko Aukerak] sareak diseinatu duen komunitatea.
Zoruko urak biltzen ari nintzela komunitate kontzeptua nerabilen burutik ezin kendu. Arratsaldean, Euskaltzaindiaren hiztegira jo dut: Interes edo helburu bera duten pertsonek osatutako taldea. Bai, baina ez. Segituan etorri zaizkit artaldea eta ardi-pila, ez baitira gauza bera. Komunitateaz dudan kontzeptuak gain hartu dio horri definizio ofizialari, lapikoari irakiten dagoen esneak gainezka egiten dion bezala.
Aseko nindukeen definizioaren bila aritu naiz, eta ekologiatik etorri zait buruan nerabilen horren antzerakoa. Korronte holistikotik, hain zuzen ere. Frederic Clementsek XX. mendearen hasieran osatu zuen definizioaren arabera, komunitatea bertan daudenen arteko interakzioak osatzen du, denak interdependenteak dira, eta espezie guztiek dute komunitatearen osaketan funtsezko funtzio bat. Bere iritziz, komunitatearen sorrera ez da ausazkoa eta koeboluzioan oinarritzen da (Wikipediatik hartua). Mende horren bukaeran, Lynn Margulisek sortu zuen holobionte kontzeptura egin dut jauzi.
Halaxe da, aurretik izan diren beste askorekin bezala, aipatu ditudan hiru pertsona horiekin batera, gure xumean, komunitatea osatu dugu, etxekook eta haiek. Euskaltzaindiaren definizioari erreparatuta, bai, interes komunak ditugu: baserria, landa-eremua, ardiak, gaztak... Dena den...
Dena den, gure artekoa ez da hor gelditzen, inondik inora, korronte holistikoaren baitan ere sar dezakegu gure hau. Adibidez, gure artean dagoen interdependentzia: haiek ikasi nahi etorkizunean lanbide honetan aritzeko, eta guk bizimodu hau posible dela erakutsi nahi. Komunitate txiki honetan, gure funtzioa da ahalik eta hobekien eta modu osatuenean gure lana erakustea, eta haiena, ikastea, eginaren eginez. Jakina, ez gara ausaz elkartu; gure etxera heldu baino lehen, hitz egin dugu, eta lehen elkarrizketa horien ondorioz erabaki genuen denboraldi batez elkarrekin bizitzea. Ederra da ikustea asteak pasa ahala denok aldatu egin garela, ikasi dugula elkarrekin lan egiten, bizitzen, azken finean –hala ere, ez dezala inork pentsa zailtasunik ez denik bioaniztasun eder honetan–.
Arraro begiratzen digute leku askotan, etxean wwooferrak hartzen ditugulako, ezezagunak. Behin baino gehiagotan galdetzen digute ea nola ausartzen garen, are gehiago seme-alabak izanik.
Agian oker nago, baina elkarrizketa horien isiluneetan beldurra entzuten dut askotan. Beharbada, beldurrak jendarte honetan ezezagunaren aurrean lehen genuen jakin-mina itzali ote digu?
Ez al zaizue iruditzen egun ezezagun etiketa gurekin igogailuan edo autobusean doan horri ere jartzea gure jendartearen egoeraren sintoma dela? Nolatan urratu genuen –ziguten?– komunitatearen ehuna?
Josten berrikasi beharko dugu, komunitatea erabat zirpildu baino lehen... Edo?