argia.eus
INPRIMATU
KOMUNITATEAK ETA BIZI EREDU BERRIAK EHUNDUZ JARDUNALDIETAKO KRONIKA
Komunitateak autogestiotik ehunduz
  • Krisi testuinguru honetan talde, eragile eta herri mugimenduen artean sortzen diren aliantzei eta elkarreraginei erreparatu zioten, NOR, AFIT, Ekopol eta Parte-Hartuz ikerketa taldeekin batera UEUk antolatutako jardunaldietan: Komunitateak eta bizi eredu berriak ehunduz. Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean hiru mahai-inguru egin ziren pasa den ostiralean, hirugarrenak autogestioa jarri zuen erdigunean. Errekaleor, Karmela eta Infernuko kideak izan ziren bertan.

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko martxoaren 05
Argazkia: UEU

Gasteizko Errekaleor auzoko Hirune Tobajas eta Elia Gonzalez, Bilboko Karmela gune autogestionatuko Irati Gutierrez eta Ibai Atutxa, eta Donostiako Infernu auzoko Sarah-Arnaldo de Castro eta Nerea Beloqui izan ziren gonbidatuak. Ainara Santamaria EHUko Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitate Saileko kideak gidatu zuen saioa.

Autogestioa tresna gisa, baina zertarako?

Infernuko kide De Castrorentzat ”komunitate baten beharrak asetzeko tresna nagusia da” autogestioa. Kontzientzia kolektiboa lantzeko, kapital sozial zein politikoa handitzeko eta ahots gehiago izateko balio du harentzat. "Dinamika berriak sortzen dira eta elkarrekin lan egiten irakasten digu". Horrez gain, pobreziaren kriminalizazioaren aurrean kooperatibismoa eta autogestioa ezinbestekoak direla gaineratu zuen, elkar babesteko eta zaintzeko. 

"Espazio autogestionatuak ezinbestekoak dira". "Autokudeaketak gaitasun eraldatzailea ematen du, eta honek boterea" adierazi zuen Gutierrezek. Karmelak autogestioarekin auzotarrak erdigunean jartzen ditu, eta kontzientzia kolektiboa sortzeko eta kolektiboan bizitzen erakusteko ezinbestekotzat daukate. 

Errekaleorreko kideentzat borrokarako trensa da autogestioa: "Gizarte eredu honi aurre egiteko tresna bat". Jakintzak berreskutzen dira, saretzeak ematen dira, eta horrek komunitatea trinkotzen duela adierazi zuen Tobajasek. "Barne zaintza bermatzeko baliabideak ematen ditu, baita sistemaren erasoen aurrean babestu ahal izateko". Esaterako, osasun krisialdian protokolo bat prestatu zuten batetik poliziarekiko babesteko eta bestetik, gaixo edo konfinatuta zeudenak zaintzeko. "Gu bizilagunak gara, proiektu komuna daukagu eta komunitate bat osatzen dugu". Autogestioak trinkotasuna ematen dio komunitateari; beste era batera esanda, espazio autogestionatua komunitate bat da. 

Aliantzak lagungarri edo oztopo?

"Karmela aliantzetarako sortu den proiektua da bere hasieratik", azaldu zuen Atutxak." Batzuetan oso ondo funtzionatzen du, eta beste batzutean ez hain ondo". Guztira, 40-50 talde inguruk Karmelan daukate haien "etxea" eta proiektuak aurrera egingo badu elkarlanean aritzeko beharraz arituz zen Atutxa. Autogestioak taldeak harremanetan jartzen dituela eta aliantzak horrela sortzen direla azpimarratu zuen.

Infernuren kasuan, aliantzak eraso polizialei erantutzerako garaian modu nahiko naturalean sortu zirela kontatu zuen Beloquik. Bereziki okupazio mugimenduarekin eta harrera sareekin lotu dira. "Batzuetan arazo zehatz batzuei aurre egiteko asmoz errazago sortzen dira aliantzak, ideologikoki pentsatzen hasten garenean baino".

Okupazioaren kontrako kriminaliazioa dela eta, bereziki okupazio mugimenduarekin eskutik joateko hautua egin dute Errekaleorren. Horretaz gain, mugimendu feministarekin eta herri mugimenduko beste eragileekin ere aliantzak sortu dituzte. Hala, eragile ezberdinekin parte hartzen eta harremanak osatzen joan dira.  

Aniztasuna, erronka eta kezkagai

"Talde multietnikoa gara Infernun", azaldu zuen De Castrok. Bizimodu, kultura, jatorri eta hizkuntza desberdinetako pertsonak bizi dira elkarrekin. Horrek gatazka ugari sortzen dituela esan zuen, baina aldi berean aniztasunak funtzionamendurako tresna ugari eskaini dizkie eta ekarpenak oso anitzak izaten dira. Elkarrekiko errespetua gutxieneko baldintzatzat daukate; hitz egin aurretik asko entzun beharra dagoela eta enpatiatik aritu behar dela azpimarratu zuen. 

Hasieran, Errekaleor auzoan ez zen ia aniztasunik, baina denborak aurrera egin ahala asko zabaldu da. Familiak, helduak, umeak eta jatorri desberdinetako pertsonak biltzen joan direla azaldu ziguten. Aniztasunak indarra eman dio proiektuari, baina aniztasun horrek orain arteko militantzia eredua aldatuko duenaren kezka daukate, eta hori aztertzeko prozesuan daude. Hala ere, harrera prozesu bat jarri dute martxan, elkarbizitza areagotzeko, izan ere pertsona mota desberdinen presentziak indar handia ematen diela uste dute. 

Karmelako kideentzat beharrezkoa da markoak txikitzea, hau da, lantalde txikietan aritzea. Izan ere, deszentralizatzeak parte hartzea areagotzen duela sinisten dute, eta esaterako, hizkuntza kudeatzea askoz errazten die. Haientzat aberasgarriagoa da modu horretan lan egitea. Horrez gain, zaintza asanblada daukatela adierazi zuen Gutierrezek, bizipenak partekatzeko eta bizikidetzak lantzeko espazio gisa erabiliko dutena. Aniztasunari dagokionez bi erronka dauzka guneak: batetik, espazioa irisgarriagoa egitea, eskailerak baitituzte; eta bestetik, harrera egitea, Karmelara gerturatzen direnek proiektua zein den jakin dezaten.

Mahainguruari amaiera emateko, galdera eta hausnarketarako tartea izan genuen. Entzule batek, gutxitan hitz egiten den emozioen kolektibizazioaren inguruan galdetu zien mahaikideei, haien taldeetan nozbait emozioen lanketari erreparatu dioten galdetuz. Errekaleorreko kideek, esaterako, halako lanketa eremuak sortzeko asmoak dituztela azaldu zuten; eta Karmelan hilabetean behin gatazkak, elkar zaintza eta bizikidetza lantzeko asanblada egiten dutela kontatu ziguten. Beharretik sortutako asanblada izan zen, eta oso onuragarria izan daitekeela iruditzen zaie. Beloquik ordea, haien artean emozioen kudeaketaz hausnartu izan dutela adierazi zuen, baina oraindik ez dute horri heltzeko aukerarik izan. Hiru eragileek identifikatu zuten emozioen kolektibizazioa beharrizan bezala, eta askotan gutxiegi erreparatzen diogula iruditu zitzaien. Komunitateak ehuntzeko jardunean, erronka berri bat izan daiteke emozioen lanketa eremua, bereziki krisi eta aldaketa sozial testuinguru honetan. 

Azkenik, Andere Ormazabal eta Ainara Santamariak ikerketa taldeen lana aurkeztu ziguten jardunaldiari itxiera emateko. 

Otsailaren 26an egin zen jardunaldiko lehen eta bigarren mahai-inguruko kronikak ere eskuragarri dituzue: Komunitateak zaintzatik ehunduz eta Komunitateak sozioekologiatik ehunduz.