Ikusgarritasun txikia dute gure gizartean komunikazio zailtasunak dituzten pertsonek eta bizi dituzten oztopoek. Ezezaguna da esparru horretan aritzeko formatzen diren komunikazio-bitartekarien lana: zailtasunak dituzten pertsonek beren gaitasunak garatu ditzaten laguntzen dute, baina baita gizartean sentsibilizazioa bultzatzen ere, denontzako izan dadin irisgarri. Hori guztia eta sektoreko profesionalen beharrak azaleratu nahi dituzte ostegunean Gasteizen, Komunikazio-bitartekarien I. topaketetan.
Autismoa duten pertsonak, garun paralisiak, pertsona gor ez-autonomoak, hizkuntza nahasmenak dituztenak, Down sindromea dutenetako batzuk, dementzia baten ondorioz hizkuntza galera dutenak... Komunikazio zailtasunak askotarikoak izan daitezkeela azaldu diote ARGIAri Itxaso Viñe Minayok eta Asun Zelaia Etxarrik, hurrenez hurren Lanbide Heziketako Komunikazio Bitartekotza zikloko ikaslea eta irakaslea.
Zer egiten du komunikazio-bitartekari batek? Batetik, komunikazio zailtasunak dituzten pertsonekin lan egiten dute, “beren gaitasunak garatu ditzaten”, azaldu du Viñek. Bestetik, gizarteari begira ere egiten dute lan, sentsibilizazioa eta eraldaketak bultzatzen, “gizartea guztiontzako irisgarri izan dadin”. Azkenik, zailtasunak dituzten pertsonen eta gizartearen artean “zubi-lana” egiten dute, herritarrekin, erakundeekin edo elkarteekin. “Komunikazio bitartekariak beti egingo du lan talde diziplina anitzeko talde baten barruan”, zehaztu du Zelaiak: logopedak, irakasleak, osasun langileak, psikologoak, kudeatzaileak...
Oinarrizko aldarrikapen profesionalak
Komunikazio-bitartekarien lana oso ezezaguna da gure gizartean oro har, eta figura profesionala bera nahiko berria da. Hego Euskal Herriari dagokionez, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan iaz estreinatu zen Lanbide Heziketak Komunikazio-Bitartekotza zikloa, (Gasteizen, Elgoibarren eta Barakaldon), eta Nafarroan aurten.
Hiru kezka nagusi zerrendatu dituzte Viñek eta Zelaiak. Lehena nahasmendu baten ingurukoa da, “gizartean, merkatuan zein hezkuntzan” ematen dena: zeinu-hizkuntza interpretazioa eta komunikazio-bitartekotza gauza bera direla pentsatzea, alegia. Baina bitartekariak askotariko soslaiekin egiten badute lan, interpreteek pertsona gorrekin soilik, eta horien barnean, komunikatiboki autonomoak direnekin. Nahasmendu horren ondorioz, esaterako, Jaurlaritzaren hezkuntza zerrendetan lan-poltsa bera partekatzen dute bi figura profesionalek. Hain zuzen ere, beraien aldarrikapen nagusietako bat da hezkuntzan bi lan-poltsa berezitu sortzea. Aldarrikapen hori aspaldi mahai gaineratu zuen ESHIE Zeinu Hizkuntza Interpreteen eta Gidari Interpreteen Euskal Herriko Elkarteak, eta bat egin du Euskobi Euskal Herriko Komunikazio-bitartekarien elkarteak. Bigarren aldarrikapen nagusia sektoreko profesionalentzako lan-hitzarmena da. “Ez dugu, ez estatu mailakorik ez erkidegoetan”, dio, harrituta, Viñek. Figura berria izateaz, gain, izan dezake zerikusirik sektore oso feminizatua izateak. “Gasteizko 20 ikasleetatik hamabost dira emakumezkoak”, azaldu du Zelaiak.
Eta gizartea?
Zailtasun komunikatiboak dituzten pertsonentzako gizartea oro har irisgarriago izan dadin gauza asko egin daitekeela diote Viñek eta Zelaiak, “gehienak errazak eta merkeak”. Lehen pausua irisgarritasunaren kontzeptua bera zabaltzea litzateke, egun irisgarritasun fisikoari oso mugatuta dagoena. Ondorioz, bitarteko nagusiak oztopo fisikoak ekiditea eta pertsona itsuentzako braillea dira. Baina zailtasunak, eta hortaz egitekoak, askoz gehiago dira. Eraikinetan seinaletika osoa hartu beharko litzateke kontuan, esaterako. “Erabili beharko lirateke piktogramak edo sinbolo grafikoak, bukle magnetikoak, orientatzeko lerroak lurrean...
Iragan urtean, Gasteizko komunikazio-bitartekotzako ikasleek hiriko bost gizarte-etxe aztertu eta irisgarritasuna hobetzeko proposamenak zehaztu zituzten. Egindako lana gehiago aprobetxatu nahian, gizarte-etxeetako koordinatzaileei aurkeztu zieten. Oro har “oso interesgarria” iruditu zitzaien, baina azaldu zieten ez zutela astirik hori aplikatzeko, burokrazia ere arazo bat zela... “Udalean lan-talde bat balego horri begira, adibidez, zaila ematen duena erraza litzateke”. Aldaketa orokorra izan behar du, edonola, eta horretarako ikusgarritasuna eta sentsibilizazioa eskutik doaz.
Jardunaldiak
Jardunaldiekin sarea sortu nahi dute hezkuntza komunitatean, eta bitartekarien profila ezagutarazi. “Horregatik gonbidatu ditugu Hego Euskla Herriko ikasle eta irakasleak, elkarteak, sindikatuak eta Hezkuntza Saila”. Ostegunean egingo dituzte, hilak 26, goizeko 10:00etan hasi eta 15:00ak arte, Gasteizko Francisco de Vitoria Institutuko Areto Nagusian. Eztabaida taldeak osatu eta bitartekarien esperientziak partekatuko dituzte, edo arloko elkarteen mahai-ingurua eta irisgarritasun tailerra egingo dituzte (behean, egitarauaren kartela).