argia.eus
INPRIMATU
Komunikazio modu onak aztergai izango dituzte Donostian
  • Nortasuna Sarean jardunaldien 10. edizioa egingo dute asteazken honetan Donostiako San Telmon, KomunikaziONA bideguruatzean izenburupean. Egungo komunikazio joerak aztertu eta "alternatiba osasuntsuagoak" topatzen saiatuko dira. Hainbat hizlari gonbidatu dituzte, euren hausnarketak eta esperientzia partekatzeko.

ARGIA @argia 2025eko martxoaren 26a
Nortasuna Sarean 2025eko jardunaldia iragartzeko spotaren irudi bat.

"Gaur egungo komunikazio joera kaltegarrien aurrean, ba al dago alternatiba osasuntsuagorik?", galdera horri erantzuteko antolatu du TaPuntuk Nortasuna Sarean jardunaldien 10. edizioa, Donostian, asteazken honetan, eta jardunaldiari jarritako izenburua ere halakoxea da: KomunikaziONA bidegurutzean.

Antolatzaileek gai horren inguruko hausnarketa sustatu nahi dute, komunikazio onaren norabidean norberaren esku dauden konpromisoak aztertzeko, "banaka zein kolektiboki". Horretarako hainbat hizlari gonbidatu dituzte. Xabier Landabidea ikerlari eta irakasleak komunikazioaz eta teknologiez hitz egingo du; Estitxu Garai komunikazioan adituak, berriz, komunikazioaren "anatomia" izango du aztergai.

Horrez gain, hainbat esperientzia ezagutzeko parada ere izango da Donostian, gaia ertz ezberdinetatik lantzeko. Hala, Kataluniako erakunde askorekin eta ekonomia sozialeko eragileekin lan egindako Jordina Arnau aholkularia, honako galderei erantzuten saiatuko da: "Nola sortu errelatoak giza eskubideen defentsarako? Komunikazioak balio al dezake etorkizun desiragarriak sortzeko?". Bestetik, Ainhoa Mendibil Emuneko kideak euskara eta markagintza izango du aztergai. Eta azkenik, TEKS elkarteko Mattin Solisek sare libreetarako trantsizioa nola egin azalduko du, Fedibertsoa ardatz hartuta.

Jardunaldia San Telmo museoan izango da, 18:30etik aurrera, eta oraindik bada izena emateko aukera.