Epai moralak, lehia edo exijentziak oinarri dituen komunikazioaren ordez, bestelako hartu-emana bultzatuz testuinguru osasuntsua eta komunikazio eraginkorra sortzea du helburu Marshall B. Rosenbergen Komunikazio ez bortitza; bizi hizkuntza bat liburuak. Txatxilipurdi aisialdi elkarteak euskarara ekarri du orain.
“Helburua da norbanakotik, baina modu kolektiboan, harremanetan trebatzea, harreman onak izateko. Komunikazio ez bortitzari esker, haurrek aukera daukate euren sentimendu eta beharrak identifikatzeko, eta autoezagutza eta autoerregulazioa garatzen dituzte, aurrez ezagututako emozio eta behar horiek kanporatuz”, azaldu dute Txatxilipurdiko kideek. Elkarren beharrak ulertzen eta elkarren zaintzarako beharrezkoak diren limiteak batak besteari adierazten laguntzen duela ere adierazi dute.
Azken finean, estresa, depresioa, errua edota lotsa sorrarazi dezaketen pentsamendu ereduak baztertu eta bestelako komunikazio eta pentsamoldea proposatzen du liburuak, rol jokoak eta errealitateko adibideak baliatuz.
Tonucci eta Heike aurrekari
Txatxilipurdik euskarara itzuli duen hirugarren lana da hau. Lehenengo, Francesco Tonucci pedagogo italiarraren liburua euskaratu zuten, Haurren hiria. Hiria pentsatzeko beste modu bat; eta ondoren, Heike Freire psikologoaren Berdean hezi. Haurrak naturara hurbiltzeko ideiak liburua.