argia.eus
INPRIMATU
Komunikabideen bitartez izan du lekualdatzearen berri Xuaren familiak
  • Xua Gurasoekin Etxera plataformak jakinarazi duenez, Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoek asteazken arratsaldean ez zekiten espetxez aldatuko zituztenik.

Urola Kostako Hitza @ukhitza 2020ko urtarrilaren 24a
Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak, Xua alabarekin

Herenegun, iluntzean, hainbat komunikabidek jakinarazi zuten Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster espetxez lekualdatuko dituela Espainiako Espetxe Zuzendaritzak. Antza denez, erabakiarekin aurrera eginez gero, aurki, Valentziako Picassent (Herrialde Katalanak) kartzelatik Madrilgo Aranjuezera eramango dituzte bi presoak. Dena dela, Xua Gurasoekin Etxera plataformatik nabarmendu dute, beraiek ez dutela horren berririk, eta “komunikabideen bitartez” ezagutu dutela albistea.

“Asteazkenean, 18:00ak inguruan, Lasagabasterrek eta Urangak beren gurasoekin hitz egin zuten telefonoz eta ez zieten horrelakorik aipatu”, diote plataformatik. Beraz, asteazken arratsaldean Urangak eta Lasagabasterrek ez zuten neurriaren berririk, handik bi ordura, albistea komunikabideetan argitaratu bazen ere.

Aurreko igandean bete zituen hiru urte Uranga eta Lasagabasterren alabak, Xuak. Espetxe Legeak hala aginduta irten behar izan zuen Picassent kartzelatik, eta hemendik aurrera, ezingo du bertan gurasoen ondoan bizi. Usurbilen bizi da orain, aitona-amonekin.

Bigarren graduan gaude gurasoak, eta alaba presondegitik irteten zenerako, hainbat egunetako baimena eskatua zuten biek. Zaintza epaileak, baina, atzera bota zituen bi eskaerak.