argia.eus
INPRIMATU
Komunen Ganbarak Johnsonen Brexit gogorraren plana geratzea lortu du
  • Laboristek proposatu duten lege-proiektua onartu du Komunen Ganbarak, eta Brexit-a adostasunez egitea behartuko du Johnson. Hauteskundeak ez aurreratzea ere lortu du oposizioak.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko irailaren 05a
Jeremy Corbyn oposizioko burua Komunen Ganbaran. Argazkia: @HoCPress

327 aldeko botorekin, alderdi laboristak asteazkenean aurkeztutako lege proiektuak aurrera egin du; honek Europar Batasunarekin adostasunera iristera behartuko du Johnson, adostu gabeko Brexit gogorrari ateak itxiz. Asteartean lege-proiektua eztabaidatzeko mozioa onartu zen ganbaran, eta bozketa nola joan zen ikusita, gaur onartuko zela aurreikusten zen.

Johnsonek oposizioaren eta Jeremy Corbyn laboristen buruaren aurka egin du berriz: “Onartu duen legea Europar Batasunaren aurreko errendizioa da, eta ez du herriak onartzerik nahi. Izututa dago. Beldur da”, adierazi du Erresuma Batuko lehen ministroak. Caracasen (Venezuela) laguna izatea ere egotzi dio Johnsonek, eta laboristen neurri ekonomikoak “kaka zaharra eta porrota” direla esan du.

Asteartean, Johnsonek hauteskundeak aurreratzearekin mehatxu egin zuen, inkestetan gora egiten zuela ikusita, baina parlamentuak hau blokeatzea ere lortu du. Lehen ministroak asteazkenean aurkeztu du hauteskundeak aurreratzeko eskaera parlamentuan, baina aldeko 298 boto bakarrik lortu ditu; proposamen honek aurrera egin zezan, aldeko 434 boto behar zituen lider kontserbadoreak.

Brusela beldur da

Nahiz eta adostu gabeko Brexit-a galarazten duen legea onartu, Europar Batasuna adostasunik gabeko Erresuma Batuaren irteera posible batetarako prestatzen hasi da. Hau dela eta, enpresa eta herritarrei “prest” egoteko adierazi die, eta Europako Batzordeak 780 milioi euro bideratuko dituela adierazi du Jean-Claude Junckerrek, irteera gogor batek sortu ditzakeen arazo ekonomikoak baretzeko.