argia.eus
INPRIMATU
Komun publikoak genero bereizketaren adierazle
  • Generoa arautzeko lekua al da komuna? Zergatik egiten dute gizonek txiza zutik eta emakumeek eserita? Elbarrituen sinboloak zergatik ez du sexurik?

Malen Aldalur Azpillaga @malenaldalur 2015eko urtarrilaren 26a
Komun publikoak, genero bereizketarako gune?

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Zientzien fakultatean konturatu dira komunak oinarrizko beharrizan fisiologikoak egiteko toki izatetik haratago, generoa eraikitzeko ere balio dutela. Horregatik, ikasle talde baten proposamenetik abiatuta komunak komun bihurtu dituzte.

Galdera anitz bota eta erantzun bila aritu dira Xabier Fernandez Huheziko ikaslea eta fakultate bereko Amelia Barquin irakaslea Info 7 irratian.

“Komun partekatuak eskatu genituen fakultatean eta azkenean lortu dugu”, esan du Fernandezek. Hasieran aldarrikapena egiteko komunak “abordatu” eta ateko sinboloak kendu zituzten, baina ez zuten gauza handirik lortu.

Gero, kontseilu errektorearengana jo zuten: “Erresistentzia batzuk tarteko lortu genuen komun partekatuak jartzea, baina ez sinboloak kentzea”, esan du Fernandezek.

“Emakumea edo gizona zaren erabakitzera behartzen zaituzte komunek”, esan du Barquin irakasleak. Ateetan ageri diren sinbologiak argi uzten dute zeintzuk diren aukerak: emakumea, gizonezkoa edo elbarritua.

Beatriz Preciado filosofoak artikulu batean komunen funtzioaz egindako gogoeta ekarri du Barquinek. Hark dio, elbarrituen sinboloak ez duela generorik, gurpildun aulkian daudenei sexua ukatzen zaielako. “Elbarrituak ez ditugu gizaki sexual gisa hartzen”, esan du Barquinek.

Horregatik ikasleen hurrengo helburua komuneko ateetan ageri diren sinboloak kentzea dela esan du Fernandezek.

Beharrezko aldaketa

Gaur egun komun publikoak generoaren arabera bereizten dira. Barquinek uste du espazio publikoetan dauden komunen binarismoarekin apurtu egin behar dela, batez ere eskoletan: “Umeek ez dute zertan euren burua sailkatu”.

Jaiotzetik dagokien generoarekin bat ez datozen umeek egunero egin behar diote aurre momentu deseroso horri. “Ezin da ulertu eskoletan oraindik nola mantentzen den sailkapen hori”.

Txiza zutik ala eserita?

Gizonezkoek zutik egiten dute txiza eta emakumezkoek aldiz eserita. Baina joera hori naturala edo kulturala da? Barquinek argi du: kulturala da.

“Txiza zutik egitea zikinagoa da, nahiz eta punteria ona eduki, eta hala ere zutik egiten jarraitzen dute”, azaldu du Barquinek. “Orduan zergatik mantentzen da eraginkorra ez den ohitura bat?”, galdetu du.

Preciadoren artikuluari erreferentzia eginez Barquinek esan du txiza zutik egitea maskulinitatearekin oso lotuta dagoela.

Batzuentzat “mailaz jaistea” bezalakoa da emakumeek bezala txiza egite Barquinen hitzetan. Dena den, uste du komunak partekatzea beharrekoa den bezala, beharrezkoa dela gizonek txiza eserita egiten ikastea: “Komunak partekatu bai, baina baldin eta gizonek eserita egiten badute, bestela, kondenatuta gaude estalki umel baten gainean esertzera”.