argia.eus
INPRIMATU
Komisaldegian hildako Elhadji Ndiayeren kasua argitu dezaten eskatzeko mobilizazioa eginen dute larunbatean Iruñean
  • Bizitza da Handiena. Pertsona beltzen bizitzek axola dute. Lerroburu horren atzean kalera ateratzeko deia zabaldu dute Sos Arrazakeriak, EH11 Kolorek, Sare Antifaxistak, Senegaldar Komunitateak eta Paperak Denontzat-ek. Manifestazioa larunbatean izanen da, arratsaldeko 18:00etan, Gazteluko plazatik.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko azaroaren 25
Mobilizazioa iragartzeko egindako agerraldia. (Arg.: Euskalerria Irratia) Mobilizazioa iragartzeko egindako agerraldia. (Arg.: Euskalerria Irratia)

Hilabete eginen du bihar Elhadji Ndiaye Chinchillako komisaldegian hila agertu zenez geroztik. Senegaldarra zen gizona, eta Espainiako poliziak hartu zuen atxilo Arrotxapean, "bortxaz", gerora hainbat lekukok adieraziko dutenez.

Nola hil zen?

Gertatutakoa argitzeko aterako dira kalera hainbat eragile etzi. Iñaki Redin mobilizazioko deitzaileak "informazio eza" kritikatu du: "Informazio ofizialak eskasak izan ziren, poliziak prentsa ohar bat igorri zuen, eta hainbat galderek erantzunik gabe segitzen dute: zergatik gelditu zuten? Zer gertatu zen horrelako atxiloketa bortitza izateko? Zer gertatu zen poliziaren zaintzapean zegoen bitartean? Utzikeria izan zen? Zer dela eta hil zen? Nola?".

Sos Arrazakeria, Salaketa eta Iruñeko Senegaldar Komunitatea parlamentura joan ziren, hain justu, Espainiak Nafarroan daukan gobernu ordezkari Carmen Albaren agerraldia eskatzeko, hark ordea uko egin zion azalpenak emateari. Orain, Espainiako Kongresuan deklaratu dezan nahi dute.

Herri akusazioaren bidea

Zein bide hartu aztertzen ari dira orain Ndiayeren heriotza argitu nahi dutenek. Herri akusazio gisa azaltzea ere buruan dute herri mugimenduko zenbait eragileek; aurrena, dena dela, haren familiak zein urrats eginen dituen ikusi nahi dute.

"Gizarte mugimendu ezberdinak Iruñeko bostgarren Instrukzioko epaitegian ireki den prozedura judizialean herri akusazio gisa agertzeko aukera aztertzen ari gara", esan du Redinek.

Profil etnikoa, bazterketa gai

Poliziak profil etnikoaren arabera herritarrak identifikatzen jarraitzen duela salatu dute. Horregatik, "edozein pertsona identifikatzeko edota atxilotzeko unean, giza eskubideen erabateko errespetua" exijitu dute.