argia.eus
INPRIMATU
Komiki bat egiten ikasi nahi? Larunbatean Irunen duzu aukera
  • Komikiaren hizkuntza ulertzeko sarrera tailerra emango du Joseba Larratxe Joseviskyk eta nork bere zinta marraztuko du. San Juan plazan ariko dira, 17:00etan hasita. Pare bat orduko saio irekia izango da, eta izena eman beharrik ere ez dago.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2015eko urriaren 14a

Kontenporanea arte eta kultura garaikidearen topaketaren barruan emango du "Mugimendu ikusezinak" sarrera tailerra. Komikilariak horrela azaldu du izenburua, Hitzen uberan webgunean egindako elkarrizketan: "Bi ideiari egiten die erreferentzia: batetik, komikiak denbora eta mugimendua modu abstraktuan irudikatzen dituelako (benetako mugimendu eta denboraren iraganik gabe), eta bestetik, komiki zaletasuna lur azpiko mugimendua izan delako, publiko orokorrarentzako ikusezina". Denbora luzez bigarren mailako artea kontsideratu bada ere, sortzaile berri askok erabat moldagarria den arte adierazpena dela ulertu dutela dio.

Marrazten jakiteak gozatzen lagunduko badu ere, lehentasuna beste bat dela nabarmendu du elkarrizketa berean: "Oso marrazki sinple eta eskematikoekin komiki bikainak egin daitezke, medioaren helburua istorioak kontatzea delako. Askoz garrantzia handiagoa emango diogu biñeten sekuentziari eta hauek orrialdean osatuko duten konposaketari marrazkiari berari baino".

Tolosako liburutegian ikastaroa, bigarren urtez

Iazko ikastaroaren emaitzek bultzatuta, bigarren urtez ari da "Mugimendu ikusezinak" komiki ikastaroa ematen Tolosako liburutegian. Urriaren 5ean hasi eta bi hilabetez bilduko dira. "Komikia boladan datorren espresio modu artistikoa dela jakina da, baina zergatik? Non egon da ezkutatuta orain arte? Zeintzuk dira bere narrazio tresnak eta nola eraikitzen da komiki bat?", galdera hauek izango dituzte aztergai.