argia.eus
INPRIMATU
“Komertzio txikiak ireki edo komertzio guztiak itxi” eskatu dute Baiona inguruko dendariek
  • Frantziako Gobernuak debekatu egin du saltoki handietan lehentasunezkoak ez diren produktuak saltzea, komertzio txikiekiko "konpetentzia desleiala" saihesteko. Herrietako denda txikiak urriaren 31tik daude itxita eta bi aste barru aztertuko du gobernuak irekitzea baimenduko duen edo ez. Baionan mobilizazioa egingo dute dendariek azaroaren 4an, eta "komertzio txikiak irekitzea edo komertzio guztiak ixtea" eskatu dute, eta Amazon bezalako plataformetako salmentak blokeatzea.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko azaroaren 03a

Azaroaren 1ean iragarri du neurria Jean Castex Lehen Ministroak: saltoki handiek ezingo dituzte lehentasunezkoak ez diren produktuak saldu eta iItxi behar izan duten dendarientzat 200.000 euroko laguntza gehigarriak hitzeman ditu.

Azaroaren 4an dendarien mobilizazioa Baionan

Azaroaren 4an 14:00etan Baionako suprefeturaren aurrean mobilizazioa egingo dute Baiona, Angelu, Biarritz eta Donibane Lohizuneko merkatariek, "neurri guztiak errespetatu dituztenean" konfinamenduaren ondorioz itxi beharrak ekarri dizkien kalteak salatzeko. “Martxoa eta maiatza artean gure negozioan galera handiak izan ditugu, azaroko heste hau beste kolpe bat da eta posible da askok egoera ezin gainditzea” adierazi dute, Kazeta.eus webgunean Mikel Irastorzak jaso duenez. Komertzio txikiak irekitzea edo komertzio guztiak ixtea aldarrikatu dute. Zehazki, merkatalgune handietan elikagaiak soilik saltzea eta Leroy Merlin edo Castoramaren gisako saltoki handietan profesionalei soilik saldu ahal izatea jasotzen du haien eskaerak. Eta Frantziako Gobernuari eskatu diote Amazon edo cdiscount bezalako plataformetako salmentak blokeatzea.

Irastorza kazetariak Kazeta.eus-en azaldu duenez, herritarrei azaroaren 4ko mobilizazioan parte hartzeko deia luzatu diete eta iragarri dute sustengu zabala jasotzen ari direla, besteak beste, politikari ainitzena eta baita Merkataritza Ganbarako presidentearena ere