argia.eus
INPRIMATU
Koman dagoen Gasteizko emakume baten egoeraren eta AstraZeneca txertoaren artean loturarik dagoen ikertuko dute
  • Emakumeak odolbildua pairatu du AstraZeneca txertoa jarri eta egun batzuetara. Osasun Sailak Sendagaien Espainiako Agentzia jakinaren gainean jarri du, txertoaren eta emakumearen osasun egoeraren artean loturarik ba ote dagoen ikertu dezan.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 28a
(Argazkia: Bicanski)

Emakume bat ospitaleratu dute Gasteizen, eta baliteke haren osasun egoerak zerikusia izatea AstraZeneca txertoarekin. 57 urteko emakumea Arabako Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langilea da, eta berriki jarri zioten txertoa. Txertoa hartu eta egun batzuetara, baina, emakumeak ondoeza sentitzen zuela jakinarazi zuen. Tronboarekin ospitaleratu dute Gasteizko Santiago ospitalean. Uneotan, emakumea koma induzituan dago.

“Txertaketarekin lotutako gertakari kaltegarrien susmoak” daudela iritzirik, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gertakarien berri eman dio Sendagaien Espainiako Agentziari. Agentzia horrek ikertuko du kasua, jakiteko loturarik dagoen emakumeak pairatutako odolbilduaren eta AstraZeneca txertoaren artean.

Apirilaren 7an, Nafarroan, Espainiako armadako militarra zen 35 urteko gizon bat hil zen AstraZeneca txertoa jarri eta pare bat astetara, odolbildua eta garun hemorragia pairatu ostean.