Milaka lagun atera dira larunbatean Gasteizko kaleetara OkupaTU Gasteiz Eguna ospatzeko; Hala Bedi, Gaztetxea, Auzolana eta Errekaleor zoriontzeko; eta, Udalak ezarritako zentsuraren gainetik, kalea guztiona dela aldarrikatzeko. Manifestazio koloretsu batek hasiera eman zion egunari baina jai giroak erdialdean jarraitu zuen, gaueko ordu txikiak arte luzatu zena.
Urtarriletik zegoen iragarrita eta azkenean iritsi da eguna: milaka lagun atera dira Gasteizko kaleetara Hala Bediren (35 urte), Gasteizko Gaztetxearen (30 urte), Auzolana pilotalekuaren (10 urte) eta Errekaleor Biziriken (5 urte) urteurren bateratua ospatzera. Hasierako plana Udalak ezarritako zentsura dela eta aldatu ostean, manifestazio jendetsua egin zuten larunbat goizean San Anton plazatik abiatuta.
Horren aurretik, lau zutabe ezberdin, arloka eta puntu ezberdinetatik atera ziren. Mugimendu feminista eta presoen eskubideen aldeko taldeak Aldabetik atera ziren, gazteak eta pentsionistak Iparraldetik, okupazio mugimendua Leizaola plazatik eta ekologistak eta errefuxiatuen eskubideen aldeko taldeak Fariñasetik.
Manifestazioaren hasi baino minutu batzuk lehenago, Mikel Sáenz de Buruagak eta Nuria Ferrok hartu zuten hitza hedabideen aurrean. “Gaurko eguna arrakasta bat da jada. Zentsuren gainetik milaka pertsona bildu ditugu Gasteizko kaleetan, inoiz lapurtuko ez dizkiguten kaleetan, kaleak guztionak direlako. Milaka lagun espazio publikoaren defentsan, orain dela 13 urte Gaztetxea desalojo mehatxutik defendatu zuten bezala edo ostegunean Gasteizko hainbat eragile eta norbanako ezagunek Gasteizko kaleak zentsurarik gabe erabiltzearen defentsan egin zuten moduan”. “Zentsuren gainetik milaka pertsona bildu ditugu Gasteizko kaleetan, inoiz lapurtuko ez dizkiguten kaleetan, kaleak guztionak direlako”.
Ibilbide guztian giro alaia egon zen, elekrotxarangak, batukadak, ke poteek, koloreek, puxikek eta aldarrikapenek protagonismoa izan zuten mobilizazioan.
Katedral Berriaren parean, behin manifestazioa amaituta, ekitaldia. Antzerki xelebre baten bitartez OkupaTU Gasteiz dinamika osatzen duten eragileen kontraesanak plazaratu zituzten, ostean, Arabako bertsolari ugarik bertso bateratu bat abesteko. Hala Bedik, Gaztetxeak, Auzolanak eta Errekaleorrek ere hitza hartu zuten -irakurketa osorik albistearen amaieran-. Eta, azkenengo egunetan hainbeste mugitu den abestia ere presente egon zen: Ekaitz Samaniegoren letra duen OkupaTU Gasteiz abestia abestu zuten hau grabatu zuten berberek, 'Bihurri eta harro, súbete al carro' kantatzen jarriz plaza.
Manifestazioa amaitzerakoan, Gaztetxera bideratu zen jendea, bazkari desobedientearekin hasteko; Andra Maria Zuriaren plazan, "Eskuratu" irakurri zitekeen pankarta zintzilikatu zuten hainbat emakumek.