argia.eus
INPRIMATU
Lehen bake akordioak lortu dituzte Gobernuaren eta FARCen artean
  • Kolonbiako Gobernuko presidente Juan Manuel Santos eta FARC Kolonbiako indar armatu iraultzaileek sei hilabetetan bakea ekarriko duen akordioa lortu dutela adierazi dute, Kubako hiriburu Habanan. Nazioarteko eta herrialdeko prentsak “urrats historikotzat” jo dute hitzarmena.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 24a
Santos eta Timochenkok akordioaren berri eman dute Habanan (Argazkia: Proceso)

Raul Castro Kubako presidentea Santos eta eta FARCeko buruzagi Rodrigo Londoño Echeverri, Timochenkorekin bildu ostean eman dute bi aldeek akordioaren berri.

Kolonbiako Gobernuak delitu politikoentzat “ahalik eta amnistia zabalena” emango du. Edonola ere, lege honek ez ditu aintzat hartuko bahiketa, tortura edota genozidio delituak, besteak beste. Hitzarmenean “justizian oinarritutako” biktimentzako akordioa ere aurreikusten da, beste puntu batzuen artean.

Juan Manuel Santos, Kolonbiako presidenteak esan du sei hilabeteetan bakerako akordioa sinatuko dutela Gobernu eta FARC Kolonbiako indar armatu iraultzaileen artean.

Santosek esan du “60 urtetako gerra amaitzen” ari direla, baina hala ere adosteko “puntu garrantzitsuak” gelditzen direla. Behin betiko hitzarmena 2016ko martxoaren 23an sinatu beharko dute bi aldeek.

600.000 hildako 50 urtetan

Kolonbiako bake prozesuaren elkarrizketak 2012. urteko azaroan hasi ziren Kubako hiriburu Habanan, Kolonbiako Gobernu eta FARCen artean. Azken 50 urteetan herrialde horretako gatazkak 600.000 hildako eta ia bost milioi errefuxiatu utzi ditu.

Joan zen urtean Unai Aranzadi kazetariak “Colombia invisible” dokumentala egin zuen. Gatazkaren erroetara joaten den ikus entzunezkoan FARCen sorrera eta borrokaren ondorioez gain, herrialdearen desberdintasun sozial handiak islatzen ditu, besteak beste.