argia.eus
INPRIMATU
Kolonbian atzeman den koronabirusaren ‘Mu’ aldaera ikertzen ari da OME
  • B.1.621 izenekoa txertoekiko erresistentea den aldaera izan daiteke. Baina ikerketa gehiago egin behar dira hori baieztatzeko. Guztira, 1.500 aldaera ezberdin aztertzen ari da Osasunaren Munduko Erakundea (OME).

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 02a
Argazkia: Bicanski, Pixnio

Osasunaren Munduko Erakundea (OME) Kolonbian agertu den koronabirusaren aldaera berria ikertzen ari da. Mu edo B.1.621 izenez ezagutzen da, eta 2021eko urtarrilean atzeman zen lehen aldiz Hego Ameriketako herrialdean. OMEk astelehean kaleratutako asteroko txosten epidemiologikoan azaldu du gainerako aldaerek baino erresistentzia handiagoa izan dezakeela txertoekiko.

Birusaren bilakaerari buruzko lan taldeak zehaztu duenez, hasierako ikerketek erakusten dute gaixoen eta txertoa jaso dutenen serumek neutralizatzeko gaitasuna galtzen dutela B.1.621 aldaerarekin. Baina Beta aldaerarekin ere antzekoa gertatzen dela nabarmendu dute, eta gainera, oraindik azterketa gehiago egin behar direla hori baieztatzeko. Jairo Méndez Rico Osasunaren Erakunde Panamerikarreko gaixotasun birikoetarako aholkulariak baieztatu du datu falta: “Oraindik ez dago behaketa hau babesteko proba solidorik”, Nazio Batuen Erakundeari (NBE) azaldu dionez.

Izan ere, Mu aldaera 39 herrialdetan zabaldu da, baina oso prebalentzia txikia dauka mundu mailan (%0,1 inguru). Hego Ameriketan, aldiz, haziz doa aldaera honekin kutsatutako gaixoen kopurua:  Ekuadorren %13 dira, eta Kolonbian, berriz, %39. Delta aldaerarekin batera nola zabaltzen den ikertu behar dute orain OME erakundetik. Guztira, 1.500 aldaera desberdin aztertzen ari dira.