Francia Márquez presidenteordearen etxe inguruan zazpi kilo lehergailu arukitu dituzte, eta ondorioztatu dute bere aurkako atentatu saiakera bat zela. Márquezek bere ibilbide militante eta instituzionalean eraso eta mehatxu andana jaso ditu.
Francia Márquez Kolonbiako presidenteordearen aurka atentatu saiakera bat izan da; horrela salatu du asteartean Márquezek berak: “Nire bizitzaren aurkako atentatu saiakera berri bat izan da”. Marquezen etxera bidean zazpi kilo lehergailu aurkitu dituzte bere bizkartzainek. Poliziak lehergailuak suntsitu ditu eta ez da zauriturik egon. Baina saiakerak alarmak piztu ditu herrialdean; alde batetik, ez delako lehenengoa izan; eta, bestetik, herrialdeko eremurik arriskutsuenetako batean gertatu delako.
“Ez dugu amore emango Kolonbiak behar eta amesten duen bakea lortu arte”, adierazi du Márquezek albistea eman duen Twitterreko mezuan. Asteburuan bere Caucako etxean egotekoa zen Márquez, jai egunak bertan pasatzeko asmoz; horregatik, etxerako bidearen ikuskapena egin zuten presidenteordea bertaratu aurretik. Bere etxera daraman errepidetik metro batera aurkitu zituzten lehergailuak, eta, ezaugarrien eta kokapenaren arabera, ondorioztatu zuten presidenteordearen aurkako atentatu saiakera bat zela.
Albisteak izua zabaldu badu ere, Márquezentzat ez dira berriak mehatxuak eta erasoak. Politika instituzionalean egin duen ibilbidea laburra bada ere –2022ko abuztuan hartu zuen kargua–, kanpainan bertan salatu zituen mehatxuak. Horren aurretik, ingurugiroko militante gisa, erasoak izan zituen: fisikoak granada eta armekin; zein hitzezkoak, telefono dei mehatxugarriekin. Márquez ez da izan Kolonbiako historian atentatu bat edo beste mota bateko erasoak pairatu dituen lehena: gutxienez hiru hautagai hil zituzten 90eko hamarkadan, eta 2021ean Iván Duque presidentearen helikopteroari tiro egin zioten.
Alde horretatik ez da albiste Márquez erasoen eta mehatxuen biktima izatea; ezta, era berean, Caucako eskualdean mota honetako erasorik gertatzea ere. Izan ere, narkotrafikoko ibilbide betean dago lurraldea, Ozeano Barera sarbidea du, eta bertan aritzen dira zenbait talde eta klan. Lurralde horretan, beraz, ugariak dira bertako biztanleen aurkako erasoak, gizarte eta ingurumen mugimenduetan aritzen direnen artean, bederen: biztanleriaren %20, 235.000 lagun, izan dira eraso horien biktima, gobernuaren arabera.
Francia Márquezen aurkako erasoa ez da salbuespena, baina, kasu honetan, badu beste konnotaziorik ere. Márquez gobernura heltzea albiste txalotua izan zen Kolonbian zein nazioartean: ingurugiroaren defentsaren militantea Kolonbiako Gobernuan izan den lehen emakume beltza da. Ardatz guzti horiek ekarri diote beste agintariek jasan ez duten zapalkuntza pairatu behar izatea. Esaterako, Luz Fabiola Rubiano kolonbiarra epaitzen ari dira iazko irailean egindako gobernuaren aurkako manifestazio batean presidenteordearen aurkako irain arrazistak zabaltzeagatik. Diskriminazioa eta zirikatzea egozten dizkio fiskaltzak.