argia.eus
INPRIMATU
Kolonbiako Poliziari 28 manifestari hil izana egotzi dio NBEk
  • Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Bulegoak aurkeztu berri duen txostenaren arabera, “giza eskubideen urraketa larriak” egin zituen Kolonbiako Poliziak Ivan Duqueren gobernuaren aurkako protestetan, eta “neurrigabeko indarkeria” erabili zuten polizia agenteek manifestarien aurka.

Leire Artola Arin 2021eko abenduaren 17a
NBEk baieztatu du gutxienez 44 zibil eta bi polizia hil direla protestetan. / Argazkia: elperiodista.cl

Apirilean hasi eta uztaila amaierara arte iraun zuten Kolonbiako Gobernuaren aurkako manifestazioek; protesta jendetsuak izan ziren, Ivan Duque presidenteak ezarri nahi zuen zerga erreforma baten harira piztutakoak. Hainbat hildako eta zauritu eragin zituzten. NBEren Giza Eskubideen Bulegoak aste honetan plazaratutako txostenaren arabera, manifestazio horietan “giza eskubideen urraketa larriak” egin zituzten.

Besteak beste, Poliziari leporatu diote 28 manifestari tiroz hil izana. NBEk 63 heriotzen berri jaso zuen, baina momentuz 46 baieztatu ahal izan ditu, horietatik 44 zibilak eta bi poliziak. %76 tiroz hil dutela ondorioztatu dute dokumentuan.

“Polizia agenteek beharrik gabeko eta neurrigabeko indarkeria erabili dute”, zehaztu dute txostenean. Halaber, atxiloketa arbitrarioak egitea egotzi diete segurtasun indarrei, baita sexu eta genero indarkeria zein bazterkeria eta arrazismo ekintzak egin izana. Juliette de Rivero Giza Eskubideen Bulegoko ordezkariak Kolonbiako Gobernuari eskatu dio erantzuleak ikertzeko eta biktimen erreparazioa bermatzeko. Nazioarteko araudiaren arabera jarduteko, poliziaren “eraldaketa sakona” egin behar dela ohartarazi dio NBEk Kolonbiako Estatuari.

Gobernuak, ordea, ez du begi onez hartu NBEren txostena. Maria Lucia Ramirez presidenteordeak gogor kritikatu du erakundeko ordezkaria: “propaganda politikoa” egitea aurpegiratu dio.