argia.eus
INPRIMATU
Kolonbiako misakek Belalcázar espainiar konkistatzailearen estatuari burua moztu diote, “torturatzaile eta genozidagatik”
  • Espainiar konkistatzaileen oldarra biziraun zuten Kolonbiako jatorrizko herrietako bat dira Misakak. Baina ez dute ahaztu haien egungo egoeraren jatorria non den, eta horregatik, herri epaiketa egin diote Popayan hirian Sebastián de Belalcázar konkistatzaileari. Epaia: genozidioa, bortxaketak, arpilatzea eta lurrak ebasteagatik haren omenezko estatua eraitsi eta burua moztea. Esan eta egin.
Axier Lopez @axierL 2020ko irailaren 18a
Argazkia: RCN Radio Popayán

Misak herriaren zaintzapean ziren lurretara heldu zirenean Sebastián de Belalcazar andaluziarra eta haren soldaduak, orduan egindako delituak zerrendatu dituzte misakek: genozidioa, lurrak lapurtzea eta bereganatzea, bortxaketak, baita tortura ere, nagusiki jendea paldoztatzen ala ehiza-txakurretara botaz.

Hala, asteazken arratsaldean, Popayanen manifestazio baten ostean Belalcázarren omenezko estatua –hiriaren “sortzailea” dela dio irabazleek idatzitako historiak– eraitsi dute misakek eta ondoren burua moztu diote. Hiriko alkateak, ordea, iragarri du Sebastian de Belalcázarren estatua berrituko dutela. "Protesta soziala defendatzen dugu eta bidezkoa da” adierazi du Juan Carlos López Castrillón alkateak, baina estatua bat eraistea “gaitzestu beharreko indarkeria" dela gehitu zuen.

Sebastian de Belalcázar “sortzailea”

Cristobal Colonen hirugarren konkista bidaian heldu zen Amerikara, eta horren ostean historia eurozentristak dio 16 hiriren “sortzaile” dela, egungo Erdialdeko Amerika, Ekuador eta Kolonbia artean. Arpilatzea eta indarkeria lagun, Guayaquil, Quito, Cali eta Popayán dira hiri horietako batzuk.

Euskal konkistatzaile baten aurka borrokan

1540ko maiatzean, Espainiako Carlos I.a erregeak Popayaneko eta Ekuador eta Kolonbia artean den lurralde zabal bateko gobernadore izendatu zuen Belalcázar. Izendapen horrek alboko lurretako gobernadoreen haserrea piztu zuen. Beste okupatzaile hori Pascual Andagoiakoa da, Arabako Kuartangon jaiotako konkistatzailea. Horrelako demak ohikoak ziren Espainiako Inperioarentzat konkistatutako lurrak zeinek kudeatu ebazteko. Kasu honetan, arabarra galtzaile suertatu zen, orain bururik ez duen estatuak ordezkatzen duenaren pozerako.