Futbolarien agente bat dela antzeztuta, gazteei dirua eskatu eta Kolonbiatik migratzera bultzatu ditu iruzurgileak, sinetsarazita Euskal Herriko futbol talderen batek interesa izan zezakeela haiengan. Gutxienez 25 pertsona engainatu ditu, eta pilatuta izan ditu azpialokatutako geletan.
Arrasaten (Gipuzkoa) bizi den 39 urteko gizonezko bat atxilotu zuten aurreko astean, Kolonbiako hainbat mutili iruzur egiteagatik. Futbolarien agente bat delako itxurak egin ditu, eta, diru truke, hitzeman die hainbat gazte kolonbiarri futbolari bilakatuko zituela Espainiako Estatuan. Gutxienez 25 laguni egin die iruzur, eta adin txikikoak dira horietako batzuk.
Iruzurgileak hainbat gazte bultzatu ditu Kolonbiatik Euskal Herrira mugitzera. Behin migratzean, Arrasateko hainbat etxetan pilatuta izan ditu. Kasuren batean, hamar eta hamabi pertsona artean behartu ditu elkarrekin bizitzera, logelak azpialokatuta. Atxilotuak eta bere bikotekideak alokatzen dituzte pisu horiek; lau etxe dira gutxienez.
Izan ere, gazteei iruzur egiteko, hainbat konplize izan ditu atxilotuak. Ikerketapean dago bere bikotekidea, baita Kolonbiako pertsona bat ere. Futbol entrenatzailea omen da han, eta arrasatearrari lagundu dio iruzur egiteko futbolari kolonbiarrak identifikatzen eta berekin harremanetan jartzen. Itxura denez, futbolari gisa ibilbide profesionalari ekiteko irrikaz zeuden gazteak izan dituzte jo-puntuan.
Iruzurgileek dirua eskatu diete biktimei, hitzemanda Euskal Herriko futbol talderen batek interesa izan zezakeela haiengan, eta talderen batean jokatu ahal izateko probaren bat lortuko zietela. Iruzurgileek aginduak ematen omen zizkieten gazteei, ordainketak egin zitzaten eta Euskal Herrira mugitzeko tramiteak egin zitzaten. "Errepresentazio-gastuak, mantenua eta ostatu hartzea, gonbidapen-gutunak" eta abar argudiatuta eskatzen zizkieten diru-kantitate batzuk euren biktimei.
Zehaztasunen berri eman ez badute ere, badirudi Euskal Herriko hiru futbol talderi eragin diela iruzur horrek: Arrasatekoari, Aretxabaletakoari (Gipuzkoa) eta Sporting Lutxanari (Barakaldo, Bizkaia).
Sare sozialen bidez, publizitate handia egin omen diote iruzurgileek euren proiektu faltsuari. Horretarako, "agentzia" gisa aurkeztu dute amarrua, esanez lan egiten dutela Kolonbiako eta Mexikoko gazteek "Espainian futbolean jokatzeko ametsa" bete dezaten.