argia.eus
INPRIMATU
Kolonbiako presidenteak zerga-erreformaren proiektua bertan behera utzi du protesten ondorioz
  • Kolonbiako presidenteak, Iván Duquek, Kongresuari eskatu dio gobernuak aurkeztutako zerga-erreformaren proiektua atzera botatzeko.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 03a
Zerga erreformaren aurkako protesta joan den astean Argazkia: France24.

Igande honetan, maiatzak 2, presidenteak mezua bidali du: "Errepublikako Kongresuari eskatzen diot Ogasun Ministerioak ezarritako proiektutik erretiratzeko eta adostasunen ondoriozko proiektu berri bat presaz tramitatzeko".

BBC-k jaso duenez, erreformarako proposamenean, errentaren eta oinarrizko produktuen gaineko zergak gehitzea proposatu zen. Haren aurkako protestek sei hildako eta ehunka zauritu eragin dituzte. Gizarte-erakunde batzuek hildako kopurua handiagoa dela diote. Kolonbiako Gobernuak zerga-erreformaren beharraren arrazoitzat jo du herrialdeak gastu handia egin behar izan duela pandemian sortutako gizarte programei eusteko.

Erreforma

Proiektuaren helburu nagusiak zerga-bilketaren oinarria handitzea, Kolonbiako zorrak nazioarteko arrisku-kalifikazioetan puntu gehiago galtzea saihestea, oinarrizko errenta instituzionalizatzea eta ingurumena zaintzeko funtsa sortzea ziren.

Gai polemikoenetako bat zen hileko soldata 663 dolar estatubatuar baino gehiago dutenei errenta zerga kobratzea, gutxieneko soldata 234 dolarretakoa den herrialdean.

Protestak

Kolonbiako herria kalera irten da erreformaren aurka. Protestak joan den asteazkenean hasi ziren modu baketsuan. Baina, gero, gobernu-eraikinen eta garraio-sistemaren aurkako erasoak izan ziren Bogota, Medellín eta Caliko hirietan. Fiskaltza hamar heriotza ikertzen ari da Calin, manifestazioekin zerikusia zuten jakiteko. Hainbat tokiko gobernuk etxeratze agindua jarri eta polizia eta armada atera dituzte.