argia.eus
INPRIMATU
Kolonbiako bake akordioa: zein da FARCeko emakumeen egoera?
  • Irailaren 26an sinatuko dute Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta Timochenko gerrillako buruak behin betiko bake hitzarmena. Urriaren 2an plebiszitua izango da, herritarrek akordioa babesten duten ala ez ikusteko. FARC gerrilla 10. Konferentzia Nazionalean murgilduta dago egunotan eta emakumeen ahalduntzea eztabaidaren erdigunean dago.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko irailaren 26a

Bake prozesuari oniritzia eman eta alderdi politiko bat sortzeko urratsak zein diren zehaztea du helburu konferentziak. Besteak beste, abortua eta emakumeen ahalduntzea dira eztabaidagaiak. Emakumeek bakea eraikitzeko bidean egin duten lanaren aitorpena aldarrikatu dute.

Kuban bake hitzarmenaren inguruko negoziazioetan parte hartu du Pastor Alape FARC-eko buruak. Haren esanetan emakumeek “adore handia hartu dute eta aurreko mendean baino sendotasun handiagoz eztabaidatzen dute”, Resumen Latinoamericanok jaso duenez.

Abortuari babesa baina kuotarik ez

Kolonbian legez kanpokoa da abortua. Olga Marín gerrillariak azaldu du abortua babesten dutela, betiere emakumearen erabakia bada, “abortua norberaren erabakia” delako eta “emakumeok gure gorputzaren inguruan erabakitzeko dugun eskubidea” delako. Azaldu du FARC-eko kide izateko haurdunaldiak “planifikatu” behar direla eta ezin zaitezkeela ama izan gerrillaria zaren bitartean.

Kyle Johnson International Crisis Group gobernuz kanpoko erakundeko kideak salatu du FARC-ek ez duela “derrigortuta egin diren abortuen inguruan ikertu, herrialdetik ihes egin duten hainbatek salatu arren”. “Gerrillak azaldu du berdintasuna izan dela etxeko lanetan eta borrokan, baina egunerokoan Kolonbiako nekazal eremuko ohiturak azaleratzen dira, eta hirikoak baino matxistagoak dira”, gaineratu du Johnsonek. Gerrillaren zuzendaritzan emakumerik ez dagoela nabarmendu du.

Tania Nijmeijer gerrillariak azaldu du “zuzendaritzan emakume bat izateak” ez duela “berdintasunaren alde egingo duela ziurtatzen” eta ohartarazi du ez dutela kuoten alde egingo, emakumeak %40tik %50ko ordezkaritza izatea “behin-behineko neurri bat besterik ez delako”.