FARC gerrillako ustezko bi buruzagi hil dira Kolonbiako hego-ekialdean armadaren operazio baten ostean, defentsa ministerioak azaldu duenez.
Bi gizon horiek, gerrillaren mendebaldeko blokearen arduradunak ziren eta Cauca departamenduko Toribio herriko zonalde menditsu batean zeudela, armadaren bonbardaketa batean hil dira.
Hilketak, negoziaketen berrartzearekin gertatu dira. Gobernuko arduradunak gaur iritsi dira Habanara negoziaketekin jarraitzeko. Atzo Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak negoziazioarekin duen konpromisoa helarazi zion gerrillari baina gehitu zuen bere gobernuak eta armadak aktibo dauden talde gerrillariei aurre egiten jarraituko dutela.
FARCen eta Kolonbiako gobernuaren bake elkarrizketak pasaden azaroan hasi ziren Habanan. Negoziazio prozesu horretako lehen puntua zena, lurren jabetzaren ingurukoa adostuta dagoela adierazi zuten bi aldeek. Orain parte hartze politikoaren gaia ari dira eztabaidatzen.