argia.eus
INPRIMATU
Kolonbian zezenketak debekatu dituzte, “No más olé” legearen bitartez
  • Zezenketez gain, burtzikatzeak, zekorketak eta haztegiak debekatuko dituzte 2027. urtetik aurrera. “Erabaki historikoa” izan dela adierazi du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko uztailaren 30a
Kolonbiako hiriburu Bogotáko La Santamaría zezen plaza, bestelako erabilerak emango zaizkiona. Argazkia: Wikipedia Commons

Kolonbiako estatuburu Gustavo Petrok “No más olé” legearen berri eman zuen uztailaren 22an Bogotáko La Santamaría zezen plazan. Horren bitartez, estatu osoan debekatuko dituzte zezenketak, burtzikatzeak, nobilladak, zekorketak eta haztegiak, Kolonbiako Errepublikako Lehendakaritzak jaso duenez. “Lege berria urrats esanguratsua da animalien eskubideak babesteko eta herrialdeko kultura eraldatzeko bidean”, adierazi dute gobernutik. “Heriotza gehiagorik ez Bogotá hiriaren erdialdean”, adierazi du Gustavo Petro presidenteak La Santamarían egindako ekitaldian.

Legea 2027an sartuko da indarrean. Hiru urteko trantsizio-aldia egongo da, eta birmoldaketa ekonomikorako programa bat egingo dute, “ekonomikoki zezen-jardueren mende dauden familiei sarrera-iturri berriak aurkitzen laguntzeko”. Zezenketa-denboraldi bakoitzak 385.000 dolar inguru sortzen dituela adierazi dute zezen-sektoreko kideek, eta estatuan 35.000 pertsona inguru daudela zezenketekin lotura zuzena dutenak, AFPk informatu duenez. Programa horren ezarpena eta jarraipena gainbegiratzeko erakunde arteko batzorde bat egingo da, gobernu-erakundeek eta zezen-sektoreko ordezkariek osatuko dutena. Egungo zezen plazei bestelako erabilerak emango zaizkiela adierazi dute kolonbiar buruzagiek, eta kultura, jolas, kirol eta arte-espazio bihurtuko direla, lege horren debekuak eragindako familien integrazioa lehenetsita.

Petrok lehenagotik debekatu zituen zezenketak

Petrok, 2012 eta 2015 urteen artean Bogotáko alkatea zela, La Santamaría zezen plaza zezenketetarako erabiltzea debekatu zuen, Cadena Ser komunikabideak jaso duenez. Petrok lege horren onarpenaren bitartez, animalien defentsaz gain ingumenaren defentsari ere erreferentzia egin dio: “Hondamendi klimatikoa saihestu behar da, eta gure pentsamoldea aldatu behar da, giza bizitza edo bizitza naturala errespetatzeko".

Tauromakia debekatu duten Amerikako estatuetara batu da Kolonbia, hala nola Brasil, Txile, Argentina, Uruguai eta Guatemalarekin batera. Zezenketak onartzen dituzten herrialdeak Espainia, Portugal, Frantzia, Ekuador, Mexiko, Peru eta Venezuela dira orain, Públicok jaso duenez.