argia.eus
INPRIMATU
Kolegio eta lizeo elebidunetan euskarazko ikasgaien alde egitea eskatu die Euskal Konfederazioak hautetsiei
  • Martxoaren 25ean izanen da EEPren biltzar nagusia, zeinetan aipatuko dituzten sail elebidunean euskaraz bideratu nahi lituzketen kurtsoak. "Hezkuntza Nazionalak erakutsiriko kontrako nahiakeriaren aurrean", euskarazko irakaskuntza defenditzea eskatu die hautetsiei euskalgintzako eragileak batzen dituen konfederazioak.

ARGIA @argia 2021eko martxoaren 23a
Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazio bat (Argazkia: @Taberna_G) Euskarazko irakaskuntzaren aldeko mobilizazio bat (Argazkia: @Taberna_G)

Frantziako legediari segi, frantsesezko eta euskarazko ikasgai orduen arteko "parekotasuna" errespetatu beharra dute irakaskuntza elebidun publiko zein pribatuko ikastetxeek. Lehen mailan parekotasuna errealitate baldin badute, kolegio zein lizeoetan oreka horretatik "biziki urrun" daude, frantsesezko irakaskuntzak argiki nagusitzen direlako. Hori horrela, beste behin alarma piztu du Euskal Konfederazioak, hautetsiei arduratsuki jokatzeko eskaera luzatuz.

Martxoaren 25ean egitekoa du bere biltzar nagusia Euskararen Erakunde Publikoak, aipagaietan ukanen dutela frantsesezko eta euskarazko ikasgaien banaketa. Egitura honen baitan dira Euskal Hirigune Elkargotik hiru ordezkari, baita departamendutik, Akitaniatik eta Frantziako Estatutik hiruna ordezkari, tartean Bordelako Akademiako errektorea. Egun horren garrantzia azpimarraturik, ondoko mezua luzatu die hautetsiei: "Oztopo administratiboen parean, makina erraldoia den erakundearen barne arrazoietatik at, Hezkunde Nazionalak erakusten duen kontrako nahikeriaren aurrean, baitezpada garatu behar duen euskararen irakaskuntza defendatu eta lehenetsi behar da".

Euskal Konfederazioak oroitarazi die ama eskolako murgiltze ereduaz gain, kolegio eta lizeoetan euskarazko orenen emendatzea dela "sail elebidunaren kalitatearen hobetzearen gakoa". Horrez gain, eskaintza hau lurralde osoan –hiriguneetan baita Ipar Euskal Herri barnekaldean ere– segurtatzeko beharra azpimarratu die euskararen alde dabiltzan egituren bateragune honek.