argia.eus
INPRIMATU
Koldobika Jauregi eskultorea zendu da, 64 urterekin
  • Askotariko diziplina artistikoetan aritua, sona handikoa bai Euskal Herrian eta bai nazioartean, sortzez Alkizakoa zen semea igande honetan hil da bihotzekoak jota. Ur-Mara museoaren sortzaileetako bat izan zen, Thoreau espazioaren sorreran ere aritu zen eta Dantza filmean egin zuen lan, besteak beste. Berea da ere 2018. urtean ETAren armagabetzea irudikatzeko Baionan inauguratu zen altzairu eta burdinezko zuhaitza, Arbolaren egia.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko ekainaren 17a

Behar baino goizago zendu dela nabarmendu dute ahots ugarik sareetan, bere heriotzaren berri izan orduko. Bihotzekoak jota hil da Koldobika Jauregi artista igandean, 64 urte zituela. Ostiralean bertan inauguratu zen bere azken erakusketa, Soraluzen, Oreka art galerian. Han izan zen Jauregi bera, Soraluzeko agerkari Plaentxia-k jaso zuenez bideo eta albiste honetan. Soraluzeren moduko herri txikietan ere halako mailako erakusketak egotearen beharra eta garrantzia nabarmendu zituela jaso zuen aipaturiko hedabideak.

Jauregi Alkizan jaio zen 1959an, eta nerabe zela modu autodidaktan ekin zion sorkuntza artistikoari, bereziki egurra eta harria erabiltzeari. Formakuntza eta ibilbidea indartzeko, atzerrira bidaiatzen hasi zen 1980. hamarkadaren erdialdera, arte lehiaketetan parte hartzeko, eta horrela, marmolari eutsi zion Italian.

Eduardo Chillidarekin bost urtez egin zuen eskuz esku lan, eta Karl Henrich Muller mezenasak emandako beste beka bati esker, berriz, Alemaniako Dusseldorf hirian lau urteko egonaldia egin zuen 2000. urtea aurretik. Bere ibilbide luzean makina bat erakusketa egin ditu Jauregik, eta sari mordoa jaso: esaterako, 2000. urtean Tokioko parke batean 26 eskultura jartzeko egin zuten lehiaketa batean, bera izan zen hautaturiko europar bakarra.

Jauregirena da 2018. urtean ETAren armagabetzea irudikatzeko Baionan inauguratu zuten altzairu eta burdinezko zuhaitza, 'Arbolaren egia'.