Azken hiru urteetako euskarazko tesi onenak saritu zituzten atzo Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak, azken honen Bilboko egoitzan egindako ekitaldian.
Bost jakintza-arlo nagusietako euskarazko ikerketa onenek jaso zituzten sariak: Zientzia Esperimentalen arloan, Koldo Garciak; Ikasketa Teknikoetan, Maite Oronozek; Osasun Zientzietan, Jaime Zuberok; Gizarte Zientziak eta Zientzia Juridikoetan, J.Inazio Markok eta Giza Zientzien arloan, Idurre Alonsok. Guztiek oroigarria, diploma eta 2.000 euro jaso zituzten. EHUn defendatzen diren euskarazko tesi onenak saritzea helburu duen Koldo Mitxelena Sariaren bigarren edizioa izan zen atzokoa, eta bi erakunde antolatzaileen, Euskaltzaindia eta Euskal Herriko Unibertsitatearen ordezkariak izan ziren sari banaketa ekitaldian.