argia.eus
INPRIMATU
Koldo Leozek aginte makila berreskuratu du Lizarran
  • Zentsura mozioa bozkatzeko osoko bilkura egin dute Lizarrako Udalean, eta Leozek gehiengoaren babesa jaso du; bederatzi zinegotzirena.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko martxoaren 24a
Koldo Leoz, Lizarrako alkate izendatu berria. Argazkia: Euskalerria Irratia.

Lizarrako Udalak Navarra Sumako Gonzalo Fuentesen aurkako zentsura mozioa bozkatu du gaur, osoko bilkuran, eta Koldo Leoz izendatu du alkate. 2022ko martxoaren 1era arte izango du makila Leozek; ondoren, Jorge Crespo zinegotziak hartuko du. 

Leozek udalaren gehiengoaren babesa jaso du osoko bilkuran. Zehazki, 17 zinegotzietatik bederatziren botoa jaso du: EH Bilduko —bere taldeko— sei zinegotziena, zentsura mozioa babesteagatik PSNtik kanporatutako bi zinegotziena eta Geroa Baiko bakarrarena.

Osoko bilkura presentziala egin dute, babes neurriak hartuta, eta Navarra Sumak ez du parte hartu.