argia.eus
INPRIMATU
Koldo Leoz
“Parte hartzea eta euskara batzordea berreskuratuko ditugu, eskuinak emandako atzerapausoei buelta emanen diegu”
  • Martxoaren 24ean Lizarrako udalbatzak Gonzalo Fuentes Navarra Sumako alkatearen kontrako zentsura mozioa eztabaidatu eta bozkatuko du. Koldo Leoz, EH Bilduko zinegotziak hartuko du aginte makila. “Eskuina boteretik kanporatzea izan da gure helburua legegintzaldi hasieratik” adierazi du Leozek Euskalerria Irratian.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2020ko martxoaren 10a
Gauzak asko okertzen ez badira, 24tik aurrera Koldo Leoz izango da berriz ere Lizarrako alkatea.

"Legegintzaldia hasi zenetik hartu emanak izan ditugu oposizioko alderdien artean Navarra Suma boteretik kentzeko", azaldu du Koldo Leozek Euskalerria Irratian, "Gabonetatik bueltan sozialistekin elkarguneak handitu egin dira, Navarra Sumarekin desadostasunak areagotu diren neurrian". Zentzu horretan Leozek Lizarrako PSNren jarrera txalotu du, "Aurrerapausua eman dute, bertako batzarraren gehiengoaren babesarekin eta horregatik ere arduraz eta eskuzabaltasun osoz aritu gara negoziaketan".

PSNko Nafarroako zuzendaritzak ez du zentsura mozioa babesten eta Lizarrako bi zinegotziren kanporatzea iragarri du "iruzurra" egiten ari direlakoan. Koldo Leozek Ramon Alzorriz, PSNko antolakuntza idazkariaren hitzei erantzun die Metropoli Forala saioan egindako elkarrizketan, "Lizarrako PSNko batzarraren %70ak babestu du zentsura mozioa, Alzorriz bera etorri zen Lizarrara eta bertako militanteek egoera zein den azaldu zioten, eskuina kanporatzeko beharra azpimarratuz" azaldu du Leozek, "Iruzurra beraz ez da zentsura mozioa, iruzurra PSNko Lizarrako kideek esaten diotenari bizkarra ematea litzake".

Martxoaren 24an izanen da zentsura mozioa bozkatzeko udal bilkura. "Mozioa sinatuta dugu, baita edukiz betetako akordioa ere", adierazi du EH Bilduko zinegotziak. "Neurri sozialei berebiziko garrantzia emanen diegu, Lizarran gaizki pasatzen ari diren bizilagun asko ditugulako, euskara batzordea eta herritarren parte hartzea berreskuratuko ditugu. Azken finean, bederatzi hilabete hauetan, aurretik egindako guztia bertan behera uztera mugatu da eskuina, guk buelta eman nahi diegu atzerapauso guzti hauei".