argia.eus
INPRIMATU
Koldo Almandozen ‘Oreina’ filma Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da
  • Donostiako Nazioarteko Zinemaldiko Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da Koldo Almandozen Oreina. Zinegile donostiarraren fikziozko lehen lan luzea irailaren 21etik 29ra bitartean egingo den jaialdian estreinatuko da eta, hil horretan bertan, 28tik aurrera, aretoetan ere ikusi ahal izango da.

Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2018ko uztailaren 12a
Irailean estreinatuko da \'Oreina\', lehenbizi Zinemaldian eta gero aretoetan.

Ibilbide luzeko zuzendaria da Koldo Almandoz, orain arte film laburren alorrean nabarmendu dena. Dokumentalak, lan esperimentalak eta fikziozkoak uztartu ditu bere ibilbidean, nazioarteko hainbat jaialditan parte hartuz –besteak beste, Cannes-eko Kritikaren Astean, Rotterdameko Nazioarteko Festibalean, Habanakoan edo Teherangoan parte hartu du azken 20 urteetan egin dituen lanekin–. 

Oreina izango da estreinatuko duen fikziozko lehen lan luzea, baina Donostiako Zinemaldia ez da ezezaguna bere filmentzat. Urrutirago joan gabe, iaz Plágan laburrarekin Zabaltegi-Tabakalera sailean izan zen eta 2016an ere, Sipo Phantasma-rekin zeresana eman zuen.

Bigarren film horretako ekipoari erreparatuz gero ikusten da profesional batzuek errepikatu egin dutela Almandozekin Oreina-n, besteak beste, Espainiako Zine Akademiaren Goya sarietan Handia-n egindako lanagatik irabazle izan ziren Javier Agirre argazki zuzendaria eta Laurent Dufreche muntatzailea.

"Hiria, industria-giroa eta natura elkartzen dituen hiri-periferia bateko hainbat pertsonaia erakutsiko dizkigu" Almandozen lanak, Txintxua Films ekoiztetxeak aurreratu duenez.

Jatorri ugaritakoak dira filmeko pertsonaiak, eta askotarikoak haien egoerak: elkarri hitzik egiten ez dioten bi anaia, norabidea galduta dabilen mutil gaztea, "zelatan dabilen edo eta inguru horretatik ihes egin nahi duen neska gaztea"...

Patxi Bisquert, Ramon Agirre, Iraiai Elias, Erika Olaizola eta Laulad Ahmed Saleh dira filmeko aktore nagusiak. 2017ko udazkenean egin zituzten errodaje-lanak, nagusiki Gipuzkoan –Aginagan, Usurbilen, Orion, Donostian, Zubietan eta Oiartzunen–, zenbait eszena Eguesibarko (Nafarroa) Elkanon grabatuz.