argia.eus
INPRIMATU
Koi Sushiko borroka: Langileon Autodefentsa Sarearen garaipena Iruñean
  • Borrokaldia hasi zuen ekainaren 12an Iruñerriko Langileon Autodefentsa Sareak Koi Sushi jatetxe katearen kontra, langile bati zor ziona ordain ziezaion. Asteazkenean helburua lortu dute eta sare sozialetan eskertu du langileak berak.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 27a

Miguel izeneko langilea Iruñeko Koi Sushi jatetxeko banatzailea zen. Nagusiek egindako hainbat bidegabekeria salatu zituen Autodefentsa Sarean: kontratuan zegozkion orduak baino gehiago lan egin behar izatea edo oporrik ezin hartu izana. Enpresari egoera azaltzerakoan, “bere kontrako etsaitasun giroa areagotu” zuten, egin behar ez zituen lanak egitera behartuz, kaleratu zuten arte.

Kaleratzea, ordea, ez zuen sinatu Miguelek, behar baina gutxiago ordainduko ziotelako, eta orduan hasi zuten borrokaldia Autodefentsa Sarearekin. Hilabete eta erdiz “Koi Sushi ordaindu zor duzuna” leloarekin kontzentrazioak egin dituzte jatetxe aurrean, esku-orriak banatuz.

Azkenean Migueli ordaindu diote zor ziotena, eta esker mezuak zabaldu ditu sare sozialetan. Bai Miguelek eta bai Autodefentsa Sareak azpimarratu dute “gure interesak defendatzeko modu bakarra modu kolektiboa dela ulertzen dugu, gaurko honetan erakutsi dugun bezala, eta honetan jarraituko dugu: Bakarrik ezin, elkarrekin aitzin”.

Eredu berri honen arrakasta azpimarratu dute, eta hedatzen ari dela ohartarazi. Izan ere, lehengo astean Donostian Babes Sarea sortu zuten, Iruñeko ereduari jarraituz. Eredu berriak, betiko eredua jarraitzen du: arazo indibidualak modu kolektiboan landuz, klase elkartasunean oinarrituz.

Borrokaldiko bideoa: