argia.eus
INPRIMATU
“Koi Sushi ordaindu zor duzuna” borrokaldia abian Iruñeko langile baten alde
  • Langile batek hainbat bidegabekeria salatu ostean Iruñeko Koi Sushi jatetxeak kaleratu egin nahi duela salatu du Langileon Autodefentsa Sareak. Mobilizazioak egiten ari dira jatetxearen aurrean eta larunbatean berriro kontzentrazioa egingo dutela iragarri dute.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 28a
Koi Sushi jatetxearen aurrean egindako protesta (Arg: Langileon Autodefentsa Sarea)

Langile baten lan-baldintzak hobetzeko eta zor dioten dirua ordaintzeko eskatuz, ekainaren 12an hasi zuten protestaldia: ordaindu gabeko ordu estrak, kontratu-irregulartasunak, atsedenerako aukera eza eta oporrak ukatzea izan dira salatutako bidegabekeriak. “Koi Sushi: ordaindu zor duzuna” afixekin hainbat kontzentrazio egin dituzte jatetxearen aurrean.

Enpresari kontratu-irregulartasunak aldatzeko proposamena egin ostean, langilearen kontrako neurriak hartu dituztela salatu dute, hari ez zegozkion lanak egitera behartuz. “Azkenik, langilea kaleratzen dute hitzez, baina, ez dute kaleratze hori sinatzerik nahi mehatxu gisa, hauen helburua baita lan egindakoak baino ordu gutxiago biltzen duen kontratua sinaraztea”.

Autodefentsa Sarearekin batera, langileak berak, zor diotena kobratu arte protestan jarraitzeko deia egin du babesa eskertzearekin batera. Hain zuzen, kontzentrazioa deitu dute larunbaterako 21:00etan García Castañón karrikan.

Iruñerriko Autodefentsa Laboraleko Sarea 2016ko azaroan aurkeztu zuten. Urte horretako apirilaren 30ean egindako mobilizazio eta ekainean egindako Gazte Boterea Eraiki jardunaldien harira, antolatzea erabaki zuten arte. Seattle hiriko elkartasun sareak hartu dituzte eredu, langile prekarioen esplotazioari aurre egiteko tresna bezala.

Larunbaterako deitu duten mobilizazioaren kartela