argia.eus
INPRIMATU
Kobraren otzara

Mikel Aramendi 2023ko irailaren 25a
Justin Trudeau, Kanadako lehen ministroa / Argazkia: Europako Parlamentua

Autoestimu dezenteko pertsonaia dugu Kanadako lehen ministro Justin Trudeau baina, agidanez, ari da ikasten –jakintsu da astua, makila du maixua– Asiako liga nagusietan jokatzeko, eskarmentua eta, batez ere, zuhurtzia behar dela. Asko gainera. Litekeena da, haatik, esku artean darabiltzan gaiak erabat ez ulertzea Trudeau jaunak. 

Eman zion Balin kaskarrekoa Xik, elkarren arteko solasaren ondoren, bere bertsioa hedabide kuttunei saltzera joan zenean korrika. Bere harreman publikoak eta gobernuburu-betebeharrak ez direla gauza bat eta bera ez ulertze horrek askoz trantze bihurriagoan ipini du orain, Asiako beste potentzia handiarekin. 

Kobraren otzaran sartu baitu esku oraingoan. Hilketa batetik abiatzen da India/Bharatekiko liskarra. Ekainaren 18ko arratsean, kaputxadun bikote batek tiroz josi zuen Hardeep Singh Nijjar militante independentista sikha (“disidentea”, Mendebaldeko hedabide askorentzat; “terrorista”, Indiako gobernuarentzat) Kanadako Columbia Britainiarreko Surreyn. Zergatia haren jarduketa independentistak izan behar zuela ziurtzat jo zitekeenez, ez zen bereziki bizkorra izan behar ganora gutxiko RAW izenaren pean serio funtzionatzen duen Indiako inteligentzia-zerbitzuaren juzgu egiteko. 

Hildakoak, beste ehunka mila sikhek bezala, Indian jaio eta hazia izan arren, babesleku zuen Kanadako herritartasuna edukitzeak, noski, betebehar bereziak ezartzen zizkion Trudeauren gobernuari. Joan den astean krisiak eztanda egin duenean ikusi ahal izan dugunez, ordea, zalantza egin daiteke oso zuhur jokatu ote dituen bere kartak Trudeauk. 

Argi geratu da Kanadako agintariek bazutela, gertatu baino lehen ere, hilketa-asmoaren berri, “Five Eyes” espioitza-partzuergokoak jakinarazita. Jakintzaren iturburua izango litzateke, ziur, AEBek Indiako enbaxaden eta kanpo-zerbitzuen komunikazioei (ere) egiten dien espioitza. 

Eta hortik eratorriko litzateke Trudeauren zuhurtzigabekeria nabarmenena. New Delhiko G-20an Modiri, bakarka, kontuak eskatu zizkionean hark haizea hartzera bidali zuelako edo (inozo samarra izan behar da besterik espero izateko gai horretan Modirekin), Kanadako parlamentuaren aurrean argitara eman zuen gaia pasa den astean Trudeauk, indiar “diplomatiko” bat kanporatzearekin batera. Noski, sorpresa-efekturik ere ez zegoenez, Indiak berehalaxe eutsi zion enbidoari, eta bost gehiago bota ditu visa-politika gogortuz. Eta damu-plantarik ere egin gabe, erasokor jarri da Modiren gobernua: terroristen babesleku omen da Kanada. 

Liskarraren erdian harrapatuta aurkitu diren Estatu Batuen galdera izan behar du orain zer ondorio izango dituen horrek guztiak izena bai baina izana hala moduzkoa duen Indo-Pazifiko aliantza horretan...