Ekainaren 23an Turkiako drone batek Kobaneko eskualdean bonbardaketa egin eta hiru emakume kurdu hil zituen: Hebun Mele Xelil, Zehra Berkel eta Emine Veysi. Kobane Herriarekin elkartasuna lantzen duen Durangoko Suargi elkarteak atsekabea adierazi du. Izan ere, hildakoetako bat, Kobaneko alkate izandako 33 urteko Zehra Berkel, Suargiko kideekin izan zen 2018an.
Turkiaren erasoak hil dituen hiru emakumeetako bi Kongra Star erakundeko kideak ziren. Antolakunde horrek emakume talde guztiak batzen ditu Siriako Iparraldean eta Ekialdean. Eta Suargiko kideek azpimarratzen dutenez, lidergo kurdua baliatuta, erakundeak lortu du kutsu feministako hainbat ekimen gauzatzea, Emakumearen Legea, besteak beste.
Zehra Berkel Kobaneko alkatea izan zen, 33 urte zituen eta Suargiko kideek ezagutu zuten 2018an Kobaneko Emakumeen Akademian egindako graduazio batean. Bisita hori egin zuten Durangoko Udalak bidalitako diru-laguntza modu egokian erabiltzen ari zela ziurtatzeko, eta, adierazi zutenez, hala izan zen.
Suargi elkartearen arabera, Zehra Berkelen hilketa “hotz eta kalkulatuak” erakusten du Turkiak jomugan duela emakumeen mugimendu kurdua. “Zehra Berkel ezaguna zen Kobanen alkatea izateagatik, bere etengabeko jardueragatik emakumearen esparruan eta hizlari aparta izategatik. Hirian egiten ziren manifestazioetan hitza hartzeko ohitura zuen”.
Suargi elkarteak Zehra Berkel eta bere kideak omendu nahi izan ditu, “Siriako hondamendiaren erdian borrokalari nekaezinak izan baitira”.