argia.eus
INPRIMATU
Kobane eta Kurdistango herrien aldeko aldarriak bete du Iruñeko Merkatarien plaza
  • Kobane hiriarekiko nazioarteko elkartasun eguna ospatu da azaroaren 1ean. Elkartasuna adierazteko manifestaldiak izan dira munduko hainbat hiritan, besteak beste: Frankfurt, Bartzelona, Buenos Aires, Madril, Helsinki eta Iruñean.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 02a
Kobane eta Kurdistango herrien borrokaren aldeko mobilizazioa Iruñean. (Arg: Zabaldi)

Kobane hiriarekiko nazioarteko elkartasun egunaren harira, kontzentrazioa egin dute asteartean Iruñean, Zabaldi elkartasunaren etxeak deituta. Kobane eta Kurdistango herrien borrokaren aldeko mobilizazioa izan da. Izan ere, Kurdistango herrien borroka babestea “premiazkoa” dela azaldu du Zabaldi etxeak.

Munduko beste hainbat hiritan ere manifestazioak egin dira, besteak beste: Frankfurt, Bartzelona, Buenos Aires, Madril eta Helsinkin. Mobilizazio horien bitartez, Rojavak pairatzen duen blokeo ekonomikoaren amaiera eskatu dute, eta giza korridore baten irekiera Kobanen. Horrez gain, Turkiako segurtasun indarren jarduera errepresiboak salatu dituzte, Abdullah Öcalanen eta gainerako preso politikoen askatasuna aldarrikatu dute, eta Kurdistango Langileen Alderdia (PPK) antolakunde terroristen zerrendatik kentzeko ere eskatu dute.  

Sare sozialetan ere, oihartzuna izan du egunak. Mobilizazioen inguruko informazioa zabaldu da nazioartean #WorldKobaneDay eta #GlobalDay4Kobane traolen bidez.  

Kurdistaneko herria

2014an, Daeshek (Estatu Islamikoa) eraso egin zion Kobane hiriari lau hilabete eta erdiz. Gerrilla kurduek aurre egin zioten jazarpenari, eta 2015eko urtarrilaren 26an hiriaren askapenaren berri eman zuten. Gauzak horrela, indar yihadisten aurkako erresistentziaren sinbolo bihurtu zen Kobane.  

Kurdistango herriak hamarkadak daramatza bizitza justuago bat lortzeko borrokan. Bere lurralde naturala lau estatutan zatituta dago (Turkia, Iran, Irak eta Siria), euren identitatea ukatuta, eta euren kultura eta duintasuna zapalduta, Iruñeko Zabaldi elkartasun etxeak azaldu duenez.

Aditzera eman duenez, eskualdeko potentzia nagusiek (Turkia, Iran, Saudi Arabia, Israel…) zein nazioartekoek (AEB, Errusia, Europar Batasuna, Txina…) “euren interes inperialistak” sustatzeko gerra bat aurrera eramaten dabiltza, herri kurduari zein eskualdeko beste herri batzuei “sufrimendua eta kalte larriak eraginez”. Hori dela eta, “premiazkoa” ikusten dute Kurdistango herrien borroka babestea, bizitzen ari diren prozesuak sendotzea ahalbideratuko duen elkartasun sarea sortuz.