argia.eus
INPRIMATU
Artaza Urederra kanpina
Km0 filosofia oporraldian ere
  • Lizarraldeko Ameskoabarrena eskualdean dago Artaza herria, Urbasako natur ingurune paregabean. 2009az geroztik kanpin berezia dago martxan herri horretan: Artaza Urederra Kanpina. Joseba Ossa Altzibarrek darama kanpinaren kudeaketa duela bi urtetik hona, eta Km0 filosofia turismora ekartzeko saiakera egin du, kanpinaren jarduna ahalik eta eredu jasangarrienean eginez. “Turismo jasangarriago bat bultzatzea da gure ametsa, hemen inguruko jendea erakartzea. Ez dugu urruneko turismorik nahi”, dio.

Garazi Zabaleta 2020ko maiatzaren 28a

Oporraldi luzeetarako nahiz egun gutxi batzuetarako hegazkina hartu eta urrunera mugitzeko ohitura oso errotuta dago gure artean, eta turismoaren kontzeptu horri buelta ematea da Artazako kanpineko kideen asmoa. Hurbileko turismoa bultzatzea, alegia.

Argindar gutxi kontsumitzen du kanpinak, eta autohornikuntza bidez funtzionatzen du: “Eguzki plaka eta metagailu elektrikoak ditugu, eta generadore bat ere bai eguraldia kaxkarragoa denerako. Ez gaude argindarraren sarera konektatuta”. Berokuntzarako pellet eta sua asko erabiltzen dute, horretan ere argindar kontsumoa txikitze aldera.

Jatetxe eta tabernan bertako produktuak darabiltzate ahal den neurrian: “Herriko artzainen gazta, hemen egiten den marmelada ekologikoa... ahal den guztia bertakoa izaten saiatzen gara”. Kanpinaren filosofia horrek bezero profil bat erakartzen duela dio Ossak, normalki kontzientzia ekologiko eta soziala duen jendea da. Aurrera begira, bestelako ekimenak bultzatzea du asmo, hau da, ikastaroetarako, topaketetarako eta horrelakoetarako erabiltzea kanpina: “Niri turismoa ez zait gehiegi interesatzen, etorkizunera begira ekologiari eta gizartegintzari begirako ekimenak indartu nahi genituzke”, dio.

Herri txikia baina mugimendu handikoa

Ehun biztanle eskaseko herria izanagatik ere, duela 15 urtetik Artazan ekologiari eta bestelako kontsumo ereduei lotutako mugimendu handia dagoela kontatu digu Ossak. La Fertilidad de la Tierra argitaletxeak bertan du bulegoa, antzinako moduan lan egiten duten artzainak daude, ekoizpen ekologikoan diharduten proiektuak badira, kontsumo ekologikorako kooperatiba bat ere martxan da...

Herriko mugimendu horiekin guztiekin harremanean daude kanpineko kideak ere, eta dinamika polita sortu dela diote: “Hau ez da ekoherrixka edo eko-housing proiektu bat, baina modu informal batean kutsu hori hartu du nolabait”.