Angie Bjorklundek urrian utzi zuen Lointek Gernika kirol-taldea. Instagram bidez adierazi du arrazoia klubeko entenatzaile Mario Lópezen kasua izan zela.
Gernikako Lointek saskibaloi taldea inguratu duen zurrunbiloaren erdian, lehen aldiz hitz egin du gaiaren inguruan taldeko jokalari batek, Angie Bjorklundek. Bjorklund pasa den urrira arte Lointek Gernikako jokalari zen, eta taldea uzteko zituen arrazoiak argitaratu ditu bere Instagram kontuaren bidez emandako adierazpenetan.
Lointekeko jokalari ohiak argi adierazi du klubarekin bildu zela hainbat bilera egiteko eta bere kezka adierazteko. Bjorklundek azpimarratu du helarazi ziela arduradunei lan-giroan ez zela “gustura eta seguru” sentitzen: “Hori adieraztea ez al zen nahikoa izan?”. Halaber, nabarmendu du gogor borrokatu zela klubeko zuzendaritzarekin, Mario López bere postutik kendu zezaten: “Berak geratzeko eskubidea zuela esaten zidaten”. Bjorklundek salatu du kirol-taldeak esan ziela sexu-abusuen salaketa “gezurra” zela, eta denek “isilpean” gorde behar zutela.
Oihartzun handia izaten ari da Gernikako Lointek saskibaloi taldearen auzia. Iragan astean klubeko entrenatzaile Mario López atxilotu zuten jokalari bati sexu-abusuak egiteagatik, eta ordutik kasuaren kudeaketaren inguruko bertsio kontrajarriak eman dituzte Gernika-Lumoko Sare Feministak eta Lointek kirol-taldeko arduradunek. Sare Feministak adierazi du uztailean bildu zela klubarekin salaketa helarazteko eta neurriak hartzeko, baina klubak esan du beraiek orain arte “ez zekitela ezer”. Mugimendu feministak klubak auzian izan duen “konplizitatea” salatu du, orain arte neurririk hartu gabe.
Lehen partida Gernikan
Asteazkenean, abenduaren 20an, izan zuten lehen partida Gernikan, kasua igandean argitara atera ostean. Maloste Kiroldegian jokatu zuten Kangoeroes talde belgikarraren aurka. Partida hasi baino lehen, saskibaloi taldeko zuzendaritza eta jokalariak elkartu dira “Gehiagorik ez” leloa idatzita zuen pankarta batekin. Hainbat zalek bere haserrea agertu zuten harmailetatik karteletan zituzten hainbat mezuren bitartez, kirol-taldeak kasuan izan duen kudeaketa “txarra” salatzeko.