Lehen Klownaldiak erdietsi zuen arrakastak akuilatuta, bigarren edizioa antolatzeari ekin dio Banda Bat elkarteak. Garai bertsuan dator aurtengoa, uztailaren 12tik 20ra bitartean, klown munduaren onurak zabaltzeko helburuz. Ondo pasatzeko aukeraz gain, balore terapeutikoa eta integrazio sozialerako indarra aitortzen baitzaizkio arte eszeniko honi.
Klowna gogoko dutenen bilgune eta erakustoki izan nahi du Donostiako Guardetxean iragango den jaialdiak, besteak beste, tailerrak, hitzaldiak, ikuskariak, erakusketak eta proiekzioak eskainiko baitira, eguneko bost euroren truke.
Uztailaren 16an, asteazkena, kalera atera eta klownpoteoa egingo dute Alde Zaharrean. Biharamunean, berriz, argazki erakusketa zabalduko dute 19:30etan: “Guardetxeko klownak, urte oso bateko esperientzia”. Ondoren, 21:30etan, Clown Cabareta izango da denen gozagarri.
Aipagarri, bestalde, uztailaren 19an, larunbata, 21:00etarako programatu den ikuskizuna: Sisiforen Amarrua, Ander Basalduak zuzendu eta interpretatua.
Interesgarriak, halaber, Gabriel Chamé, Fanny Giraud, Carmelo Muñoz eta Virginia Imazek eskainiko dituzten tailerrak.
Egitaraua eta gainerakoak: Guardetxea Bandabat