argia.eus
INPRIMATU
Kloruro, amonio eta konduktibitate maila oso altuak Arkaitzerrekan, erraustegi azpitik isuritako kutsaduraren ostean
  • Zubietako erraustegi azpitik ateratzen den hodi bat Arkaitzerreka kutsatzen ari zela ohartarazi zuen herritar batek uztailaren 13an. Usurbilgo Udalak errekaren laginak hartu zituen eta behin-behineko emaitzak eman ditu orain: ezohiko maila oso altuak jaso dira kloruroetan, amonioan, konduktibitatean eta DQOn (Oxigenoaren Eskaera Kimikoa).

ARGIA @argia 2022ko uztailaren 26a

2020ko maiatzean beste isurketa bat izan zen, eta orduan ere laginak hartu eta aztertu zituen udalak. Bada, orduan amonio kontzentrazioa oso altua bazen (62 miligramo/litroko), oraingo honetako laginak ia bikoiztu egin du kopurua (117 miligramo/litroko).

Datu oso kezkagarriak

Isuriaren jatorria erraustegian dagoela, hori da udalaren hipotesi nagusia, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen esanetan: “Hipotesi hau hala den edo ez baieztatu edo gezurtatzea beste batzuei dagokie; GHK-k eta diputazioak azalpenak eman behar dituzte. Izan ere, inguruan ez dago beste jarduera industrialik halako kutsatzaile maila eragin dezakeenik. Datuak oso kezkagarriak dira; 2020ko maiatzeko isurketak ehunka arrain hil zituen, eta ordukoekin alderatuz, oraingo datuak handiagoak dira”.

Gardentasun eta kontrol mekanismoak eskatu ditu alkateak: “Azalpenak nahi ditugu: isurketa zerk eragin duen jakin nahi dugu. Zer gertatu den jakin behar dugu konponbideak bilatu ahal izateko. Zein ondorio izan ditzakete halako isurketek gure osasunean eta ingurumenean? Zein neurri hartuko dituzte arduradunek berriro halakorik ez gertatzeko? Herritarron informatuta egoteko eskubidea aldarrikatzen dugu”.