argia.eus
INPRIMATU
Klimarentzat mehatxu diren hautagaiak salatu eta Klima Martxa egingo du Bizik
  • Larrialdi klimatikoaren aurkako borrokarentzat mehatxu diren Frantziako Presidentetzarako hautagaiak salatzen hasi da Bizi, haien hauteskundeetako afixetan ohartarazpenak jarriz. Larrialdi klimatikoa serioski hartzen ez duten politikarien arriskua azaleratu eta neurriak hartzeko gonbita egin du mugimenduak, martxoaren 12an Baionan izango den Klima Martxara deituz.

ARGIA @argia 2022ko otsailaren 22a
Argazkia: Bizi!

Apirilean izango dira Frantziako presidentetzarako bozak, eta Bizi! mugimenduak salatu duenez aurkeztu diren hautagaietako askok ez dute larrialdi klimatikoa serioski kontsideratzen. Hori, larrialdi klimatikoari aterabiderik ez ematearen ondorioak jadanik zehatzak eta larriak izan. Europan 2021eko udan Alemanian eta Belgikan izandako uholde hilgarriak, eta iberiar penintsulan 2022ko neguko lehorteak aipatu dituzte.

Estatu osoan abiatu duten kanpainaren helburua politikari horiek klima larrialdiaren aurkako borrokarentzat diren mehatxua salatzea da, bozak ematera doazen herritarrei egoeraren berri emateko. Esku gorri baten formako abisua jarri dute hautagaien kanpainako karteletan, “Larrialdi klimatikoa, hautagai lanjerosa” leloarekin batera. Zehazki, helburua da abisu zientifikoak gutxi edo batere kontuan hartzen dituzten hauteskunde programak salatzea, eta, beraz, larrialdi klimatikoari aurre egiteko neurri handinahi, errealista eta sozialki bidezkorik proposatzen ez duten programak salatzea.

“Hainbat arrazoirengatik zuzenean murrura eramaten gaituzte helburutzat hartu ditugun hautagaiek”, adierazi du Thibaut Godin Biziko bozeramaileak. Nabarmendu duenez, proposatzen dituzten neurriek ez diote frantses Estatuari 2030. urterako berotegi-efektuko gasak murrizteko helburuak betetzea ahalbidetzen. Horrez gain, salatu du ez direla desberdintasunen kontra borrokatzen: “Aberatsenen eta enpresa handienen zerbitzuko dira, prekarioenak alde batera utziz”. Azkenik, hautagai horiek klima-larrialdiarentzat aterabide ez-eraginkorrak eta garestiak proposatu dituztela salatu du: “Trantsizio ekologikorako beharrezkoak diren funtsak desbideratzen dituzten karbono harrapatzea eta energia nuklearra”.

Klima Martxa Baionan

Klimarentzat arriskutsuak diren hautagaien aurrean, martxoaren 12an Baionan antolatutako Klima Martxan parte hartzera deitu du Bizik. 15:00etan elkartuko dira, tren geltokian, klima eta justizia sozialaren gaiak eztabaida politikoaren erdigunean izan behar direla gogorarazteko.