Datozen asteetan egingo du NBEk klima larrialdiaz jarduteko COP27 konferentzia Egipton. Klimaren Aldeko Aliantzak salatu du 3.600 milioi pertsona bizi direla klima-arriskupean, eta agintariei ekintzak eskatu dizkie. Azaroaren 4tik 26ra bitartean hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak edota mobilizazioak antolatuko ditu eragileak.
Klimaren Aldeko Aliantzak COP27 alternatiboa antolatu du Iruñean azarorako, hain justu NBE Nazio Batuen Erakundea klima larrialdiaz jarduteko Egipton bilduko den garai berean. Antolatzaileek asteazkenean agerraldia egin dute eta gogorarazi gutxienez 3.600 milioi pertsona bizi direla arrisku klimatiko handiko egoeran. Horregatik, "ekintza klimatikoa" azkartzea exijitu diete Egipton bilduko diren agintariei. Azaroaren 4tik 26ra bitartean, Iruñeko txoko kulturaletan zein kaleetan hitzaldiak, tailerrak, eztabaidak eta manifestazioak egingo dituzte.
Datozen asteetan batzartuko dira NBEko estatuak klima larrialdiaren aurrean erabakiak hartzeko asmoz; hala ere, aurreko urteetako COPen emaitzak ikusirik, ekintzaileek ez dute itxaroteko beharrik eraginkortasuna exijitzeko. Salatu dute klima larrialdiari, prezioen eta ziurgabetasunaren etengabeko igoera gehitu zaiola, hala nola, erregai fosilekiko mendekotasunagatik. Gainera, injustizia klimatikoa eteteko eskatu die; hala deritzo gutxien kutsatzen duten herrialdeek, larrialdi klimatikoaren ondorioak gehien sufritzeari. Horretarako, "gehien kaltetzen dutenak gehien zigortuko dituen zerga sistema klimatikoa" aldarrikatu dute.
Bertako instituzioei ere leporatu diete gezurretan ibiltzea, eta diskurtso lasaigarriak ematen dituzten bitartean “kapital handiarekin bat egitea eta klimari eraso egiten dioten proiektuak bultzatzea, hala nola Mina Muga, AHT, Esa handitzea edo auto elektriko pribatua eta makroproiektuen aurreko permisibitatea”. Gogorarazi dutenez, Nafarroako Gobernuak Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legean bilduak ditu emisioak murrizteko helburuak, eta haiek lortzeko beharrezkoak diren aurrekontuak, baliabideak eta tresnak jarri behar ditu.
Klimaren Aldeko Aliantzak eta Iruñeko COP27aren babesleek argi dute agintariek dutela erantzukizun gorena, baina herritarrei ere mobilizatzera eta antolatzera dei egin die. Ekimenaren helburu bat da eguneroko ohituretarako alternatibak erakustea. Bi gako nabarmendu dituzte asteazkenean, aurrerapen gisa: elikadura eta energia burujabetza. Azaroan egongo da Iruñean haietan eta beste hamaika ertzetan sakontzeko parada, hogei eragile baino gehiagok 30 jardunaldi antolatu baitituzte horretarako.