argia.eus
INPRIMATU
Bere buruari su emanda hil da klimaren aldeko aktibista bat AEBetan
  • Wynn Bruce izeneko 50 urteko gizonak bere buruari su eman zion pasa den ostiralean Washingtonen, Gorte Gorenaren parean. Erreduren ondorioz hil zen ospitalean. Haren hurbilekoek adierazi dutenez, klima larrialdiaz ohartarazi nahi zuen ekintzarekin.

ARGIA @argia 2022ko apirilaren 25a
Wynn Alan Bruce bere buruari su emanda hil da.

Ostiralean ospatu zen Lurraren Eguna. AEBetan, beste leku batzuetan bezala, hainbat protesta egin ziren, eta testuinguru horretan kokatu dute Wynn Alan Bruce-ren ekintza, bere hurbileko zenbait pertsonak egindako adierazpenak oinarri hartuta.

Kritee Kranko klimatologo eta Boulder (Colorado) hiriko apaiz budistaren hitzetan, Bruce bere adiskidea zen, eta ostiraleko ekintza planeaturik zeukan.

"Ez da suizidioa izan, baizik eta erruki-ekintza adoretsua, krisi klimatikoaz ohartarazteko". Ostean, baina, elkarrizketa batean azaldu zuen ez zeukala ziurtatzerik bere lagun Bruceren asmoak zeintzuk ziren, hainbat hedabidek jaso dutenez, The New York Times-ek tartean.

Dena den, eta gertatuaz informazio gehiegi azaleratu ez den arren, klima larrialdiaz ohartarazteko ekintza izan dela nabarmendu dute AEBetako hedabideek.

Bere Facebookeko orrian mezu kriptiko bat utzi zuen, dataz gain, emojien bidez sua aukeratuz, iragarpen gisa uler daitekeena.